12 urte bete dira gaur Mikel Laboa zendu zenetik. Azken urteetan egiten den moduan, Usurbilgo Udalak bere ibilbide musikala eta utzitako ondarea omentzeko, herriko frontoiko bozgorailuetatik Laboaren musika entzungai jarri du. Gaurko egunez Mikel Laboa gogoan izan dute herritar askok, horren adibide, sare sozialetan jarritako mezuak.
Mikel Laboa
Mikel Laboa Mantzizidor Donostian jaio zen 1934ko ekainaren 15ean, eta 2008ko abenduaren 1ean zendu zen. Euskal abeslaria eta musikagilea izan zen. Hainbat adituren ustez XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena.
Hiru zutabek osatzen dute Mikel Laboaren kantagintza: kantu tradizionalen berreskuratzeak, poeta garaikideen hitzen musikatzeak eta lekeitioak deituriko kantuen esperimentazioak. Osagai horiekin, Laboa euskal musikagintzaren erreferentzia handienetakoa izan da 1960ko hamarkadatik hona: Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa eta euskal kantagintzaren berritzaile nagusietakoa izan da. Euskal herritarren artean errespetu eta miresmen itzela du bere lanak.
Laboa eta Zumeta
