Telefono dei salatzaile baten ondorioz, igandean Ertzaintza Aitzaga Elkartera indarrez sartu zen eta bilera gunean Gazte Eguna antolatzen ari ziren 10 herritar salatu zituzten

Pasa den igandean (azaroak 15) Ertzaintza Aitzaga Elkartera indarrez sartu zela salatu dute herriko hainbat eragilek: Aitzaga Elkartea, Usurbilgo Ernai, Usurbilgo Sortu, Kafe Tertulia neska* gazteen taldea, Aztarrika Gazte Asanblada eta Xauxar Txosna Batzordea. Eurek kaleratutako adierazpenean, telefono dei salatzaile batek Ertzaintza Aitzaga Elkartean indarrez sartzea eragin zuen. Gogoratu Aitzaga Elkarteak bi gune dituela, bata elkarte gastronomikoa (goiko gunea, korobabirusak eragindako neurriak direla-eta itxita dagoena) eta bestea, erabilera anitzetarako gunea (behean). Igandean beraz, bileretarako baliatzen duten beheko gunean, Gazte Eguna antolatzen ari ziren 10 herritar salatu ditu Ertzaintzak. Gertaturikoa irmoki salatu dute eragile hauek kaleratu duten adierazpenean. Salagarritzat eta lotsagarritzat jotzen dute pairaturiko jazarpen poliziala eta baita Ertzaintzari egindako telefono deia. Herriko 10 gazte hauen aurkako salaketak errekurrituko dituztela iragarri dute.

Adierazpena

Jendea eta bereziki gazteak seinalatzea doan? Estatu polizialik ez!

Azaroak 15, igandea, 17:00ak inguru zirela salaketa dei baten ondorioz hainbat Ertzain patruila azaldu dira Aitzaga Elkartera. Ertzainek atea indarrez ireki dute eta barrura sartu dira begiratzera. Elkartea hutsik eta ilunpean aurkitu dute-logikak eskatzen duen bezala- ezin baita jarduera gastronomikorik egin.

Ohartu dira beste ate bat dagoela sarreran eta behean lokal batzuk daudela. Bertara jaitsi eta hamar gazte aurkitu dituzte bilera bat egiten. Hauei, salaketa jarri diete 6 pertsona baino gehiago egoteagatik bilduta, elkarte gastronomiko batean zeudela esanez.

Aitzaga Elkarte Kultural bat da eta elkarteaz gain behean lokal ezberdinak ditu herriko eragile ezberdinak beraien jardun politikoa gauzatu dezaten. Tartean, Ezker Abertzaleko kide politikoak zein hala eskatzen duten herriko eragileak biltzen dira. Eragile horien artean, Aztarrika Gazte Asanblada, Kafe Tertulia neska* gazte taldea zein Xauxar txosna batzordea daudelarik. Hamar gazte hauek Aztarrika Gazte Asanbladako ordezkariak ziren eta Gazte Egunaren berrantolaketan zebiltzan egoera berrira egokitu asmoz. Bilera hori, jardun politikoa da, ez da aisialdiko ekintza bat. Horregatik, errekurritu egingo ditugu Ertzaintzak bertan ziren norbanako bakoitzari jarritako salaketak.

Bestalde, lotsagarria iruditzen zaigu gazte batzuk elkartzen ikuste hutsagatik Ertzaintzari deitzea, kriminalizatuz bai gazteok, lekua bera seinalatuz eta txibato alproja bezala jokatuz. Ardura kolektiboa dugu eta baita indibiduala ere garai zail hauetan, baina, onarkaitza da estatu polizial batean bilakatzea geure herria. Ezin dugu jendea seinalatzen ibili, zer gertatzen den jakin gabe. Gainera, kasu honetan gazteak estigmatizatuz eta seinalatuz. Modu arduratsuan bilduta zeudenean. Horregatik, gazteei eragindako kalteei erantzunez, jakin dezala salatzaileak salagarria iruditzen zaigula bere jarrera.

Hau dena esanda, egoera honen aurrean, irakurketa honen sinatzaileak osasun neurrien garrantziaz kontziente garela eta gure praktika politikoaren erdigunean kokatzen ditugula adierazi nahi dugu. Ez dugu jazarpen polizialak ez “txibatoek” gure jarduna oztopatzea onartuko eta aurrean izango gaituzue. Herriarekiko dugun konpromisoan berresten gara eta horretan lanean jarraituko dugu.

Soilik herriak salba dezake herria!

Sinatzaileak: Aitzaga Elkartea, Sortu Usurbil, Ernai Usurbil, Kafe Tertulia neska* gazteen taldea, Aztarrika Gazte Asanblada eta Xauxar Txosna Batzordea

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.