Gaur Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak Martuteneko espetxean aurkeztu dute euren burua

Martuteneko espetxea

Gaur (azaroak 9) Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak Martuteneko espetxean aurkeztu dute euren burua. Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare bilguneek jakinarazi dutenez, Olatzi ostegunera arte (azaroak 12) luzatu diote espetxetik kanpo egoteko baimena eta Patxik astean lau gau igaro beharko ditu Martutenen. Pasa den astean Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Madrilgo Aranjuezko espetxean zeudela, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak 3. gradua aplikatu eta Martuteneko kartzelara hurbilduko zituztela jakinarazi zieten. Ostiralean, asteburuko baimena eman zieten espetxetik kanpo egoteko gaur arte. Aranjuezera ez zuten itzuli beharrik, Martuteneko kartzelara baizik.

Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare

Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare bilguneek adierazpen bat kaleratu dute herritarrekin konpartitzeko.

OLATZ eta PATXI-REN EGOERAN ALDAKETA NABARMENAK

Aspaldiko partez berri on batzuk izan genituen joan den astean. Espetxeetako Zuzendaritzak behingoz gradu aldaketa onartu zien Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herriko presoei eta baita Martuteneko espetxera lekualdatuak izatea agindu ere. Ez hori bakarrik; horren ondorioz, lehendik baimendua zuten egun batzuetarako irteera baimenak gauzatzea erabaki zuen Aranjuezeko agintaritzak halako batean. Dena arrapaladan iritsi zen.

Hala, ostiralean (azaroak 6) familia Madrilgo espetxera joan zen bien eta beraiekin zegoen Maddi alabaren bila. Orduak pasa zituzten atean noiz aterako zain baina, azkenean, denok ikusi ahal izan dugun argazki hunkigarria egia bilakatu zen. Hilabeteak ikusi gabe zuten Xuarekin familia osatua, laurak irrifar erraldoi batean batuta.

Larunbateko ordu txikitan iritsi ziren Usurbilera. Asteburu oso berezia igaro dute elkarrekin eta irteera baimena amaituta, biek ala biek astelehen goizean Martuteneko espetxean aurkeztu zuten bere burua. Olatzi, Maddi haurtxoarekin bertan egoteko baldintzarik ezean, kanpoan egoteko baimena luzatu zioten ostegunera arte. Orduan, erabaki finkoago bat hartu beharko dute bere egoeraz. Patxik berriz, astelehenetik ostegunera lotara joan beharko du espetxera.

Urteak dira herriko erakunde, talde, eragile eta herritar andana Olatz eta Patxiri espetxe legeria arrunta aplikatzea exijitzen dutela. Hamaika ahalegin ostean, beren kasuan bederen, gauzatzen hasi da behingoz. Espero dezagun bide hori urratzen segitzea eta laster biek ala biek baldintzapeko askatasunean gure artean izatea.

Gertaera honek sekulako poza eragin du Usurbilen eta, zer esanik, ez bi presoen familia eta lagunen artean. Alta, alferrikako sufrikarioa eten eta sentimendu berbera errepikatzea nahi dugu, behar dugu hobe esanda, gainerako euskal preso politiko guztien kasuan. Horregatik eta horretarako lehenik eta behin preso gaixo, adin handikoei eta baldintzapean berehala kaleratuak izan daitekeenei legeria arrunta aplikatzea exijitzen jarraituko dugu. Euskal preso guzti-guztiak behin betiko etxeratuak izateko lehen urrats bezala.

Etxean aske eta bizirik nahi ditugulako.

Oharra familiaren partetik

Olatz eta Patxiren familiek esker ona adierazi nahi die beren interesa eta zoriona helarazi dieten herritar guztiei.

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.