Usurbilgo Udalean egindako urriko osoko azken bilkuran, Martin Villa ‘persona non grata’ izendatu du Usurbilgo udalbatzak, EH Bilduren botoekin. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin dira.
Mozioaren eskaerak
- Gobernu espainiarra premiatu 2015eko martxoaren 13an Ministro Kontseiluak hartutako erabakia bertan behera uzteko, alegia, Maria de Servini epaileak Martin Villari deklarazioa hartzeko egindako estradizio eskariari zegokiona.
- Nazioarteko Zuzenbidearen “estraditatu edo epaitu” printzipioa aplikatuz, Estatuak behar bezalako neurriak har ditzan auzitegi espainiarrek diktadura frankistan eta Trantsizio politiko deitutakoan gauzatutako gizateriaren aurkako krimenak ikertu eta epaitu ditzaten, eta, bereziki, Martin Villaren erantzukizuna izan daitezkeenak.
- Udalerri honetan Martin Villa persona non grata deklaratzea.
- Maria Servini epaileari frankismoko krimenen zigorgabetasunarekin amaitzeko egiten ari den lana eskertu, Gobernu Espainiarrak jarritako oztopo guztien ondotik, presidente izandakoek eta beste zenbait ordezkarik gutun bidez Martin Villari eman babesa salatu eta Argentinako Errepublikaren Krimen gaietarako eta zentzategi federaleko 1. Epaitegi Nazionalari.
Mozioa osorik: mozioa-martin-villa
EAJ-ren proposamena
Bilkura honetan EAJko ordezkariak “erabat ados” agertu ziren mozioarekin, baina hirugarren puntuari esaldi hau gehitzea proposatu zuten: “Frankismo garaian zein ostean giza eskubideen eta gizateriaren aurkako krimenak eragiteagatik epaituak eta kondenatuak izan diren edo izango diren pertsona guztiak persona non grata izendatzea udalerri honetan”.
EH Bilduk, orain arte ez dela inor kondenatua izan frankismo garaiko krimenengatik erantzun zuen, eta, beraz, esaldiaren zati hori kentzea proposatu zion EAJri. Hori dela-eta, EAJk atzera egin zuen bere proposamenean.
PSE-EEren abstentzioa
PSE-EEko ordezkariak, testu bat irakurri zuen, abstentziora jotzeko arrazoiak emateko:
- Batetik, nabarmendu zuen, “tamalez”, 1977ko Amnistia Legearen bidez defendatzen duela bere burua Martin Villak, eta ez zaiola gustatzen zenbaitek lege hori aprobetxatzeko aukera izatea.
- Horrez gain, mozioaren “dialektikarekin” ados ez zegoela azaldu zuen, “trantsizio politiko deiturikoa” zatiarekin zehazki: “Hori zuek pentsatzen duzuena da: ez zen perfektua izan noski, eta, oraindik, gure demokrazia hobetu daiteke, baina trantsizioari esker, orain bildu gaitezke, guztiari buruz hitz egin eta politika egin dezakegu”.
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea
Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak PSE-EEko ordezkariari Amnistia Legeak ez zuela frankismoarekiko hausturarik ekarri erantzun zion, eta, horregatik, frankismoko egiturak oraindik indarrean daudela, Audientzia Nazionala eta Espainiako errege etxea: “Horrez gain, ilegalizazio politikaren ondorioz, epaitua izan nintzen, espetxean egon nintzen, eta atzo bertan Guardia Zibilak Katalunian, 20 bat lagun atxilotu zituzten prozesu independentistarekin lotuta. Beraz, ez dut uste Trantsizio Legeak politika egitea ahalbidetu duenik. Pena ematen dit: frankismoaren kontra hainbeste borrokatu zuten alderdi sozialistako emakume eta gizon haiek ez dakit zer pentsatuko zuten Felipe Gonzalez edo Jose Luis Rodriguez Zapatero halako gutuna sinatzen ikusita. Ikusten da zer nolako inpunitatea duten oraindik ere frankismo garaiko arduradunek”.
Informazio gehiago