Usurbilgo Udalak jakinarazi du Usurbilgo Taxibusak ordutegi eta ibilbide berria estreinatu dituela (2020/2021 ikasturtea). Udalaren esanetan helburua erabiltzaileei zerbitzu eraginkorragoa ematea da, batetik bestera joateko denbora gutxiago beharko dute aurrerantzean.
Hiru gune
Ibilbidea hiru gunetan banatu da, koloreen bidez eta gune bakoitza zeharkatuko du Taxibusak abiapuntua eta helmuga kaxkoa izanik.
Bost txanda
Ohi bezala, Taxibusaren zerbitzua astelehenetik ostiralera emango da eta bost txanda egingo dira. Ordu hauetan hasiko dira:
- 07:30
- 10:30
- 13:30
- 15:30
- 19:00
Gune bakoitza kaxkoarekin lotu denez, gehiagotan pasatuko da bertatik. Aginagara joan nahi duenak, esaterako, ez du Kalezar eta Arratzain inguruko ibilbide guztia autobusean pasatu beharko: kaxkoan taxibusa hartu, eta zortzi minutuan iritsiko da helmugara.
Zerbitzu berezia
Orain arte bezala, adinagatik edo mugikortasun arazoak dituzten herritarrek eta geltokira hurbildu ezin dutenek 630 643 596 telefonora deitu eta etxeko atarian jasoko ditu Taxibusak.