Gaur, (urriak 20) Espainiako 75. “La Vuelta” txirrindularien itzulia abiatuko da Irun eta Arrate lotuko dituen etaparekin (173 kilometro). Bidean, Usurbil eta Aginaga zeharkatuko dute txirrindulariek eta Oriorantz joko dute gero. Txikierdira 13:45 aldera iritsiko direla aurreikusi da, N-634 errepidetik. Ibilbideko 26. kilometroa izango da Usurbil, 29,5. kilometroa Aginaga. Itzuliaren eraginez, 12:45-14:00 artean Usurbilgo Udalak N-634 errepidea itxita egongo dela jakinarazi du: “Urriaren 20an Itzulia pasatuko da Usurbildik. Hori dela eta, N-634 errepidea guztiz itxita egongo da, ordubetez, 12:45 eta 14:00 artean, gutxi gorabehera. Tarte horretan ezingo da errepidea erabili ez Donostiara ez Oriora bidean. Inguru horretako enpresetara zein errepidera sarbide gertukoa duten etxeetan oharrak banatuko ditu udaltzaingoak, bizilagunak jakinaren gainean egon daitezen”.
Koronabirusaren eraginez, udaran ospatzekoak ziren txirrindularien hainbat proba atzeratu egin zituzten, tartean abuztuaren 14ko “La Vuelta”. Txirrindularitza proba hau Herbehereetan hastekoa zen. Lehen hiru etapak lurralde haietan ospatuta, laugarrena, abuztuaren 18koa Hego Euskal Herrian aurreikusia zuten; Irunen hasi, Arrate amaitu eta bidean Usurbil zeharkatzekoa zen. Gaur hasiko den proba eta azaroaren 8an Madrilen amaituko da. Herbehereetako etapak bertan behera utzi ditu antolakuntzak, eta honenbestez, abuztuan aurreikusia zuten laugarren etapa, lehenengoan bilakatuko da.
Informazio gehiago