Jakoba Errekondok batetik, “Etxeko landareak” liburua eta bestetik, Antton Olariagarekin elkarlanean, “Ilargia eta landareak agenda 2021” kaleratu ditu

Jakoba Errekondo usurbildarrak bi liburu kaleratu berri ditu, batetik “Etxeko landareak” liburua, eta bestetik, Antton Olariaga usurbildarrarekin elkarlanean egindako “Ilargia eta landareak agenda 2021” agenda liburua. Azken hau Argiarekin kaleratzen duen laugarren agenda da.

Etxeko landareak

Loreak etxeko poza dira. Ongi zaintzen dituenak bizitzaren edertasuna jasotzen du opari. Liburu honek hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu: zein landare aukeratu txoko bakoitzerako, gaixotasunei nola aurre egin, landare bakoitza nola ureztatu, ongarri naturalak nola egin, haziz doan ahala nola birlandatu… maite dugun landare hori nola ugaldu ere ikasiko dugu. Zaintzen asmatzeko beharrezkoena, lore bakoitza ezagutzea da. Liburu honetan deskubrituko dituzu bakoitzaren jatorria, beharrak eta gustuak. Bizitzaren ederra loratu dadila!”

  • Orrialde kopurua: 258
  • Neurriak: 235 x 255 mm
  • 25,00 €

Ilargia eta landareak agenda 2021

“Bizitzarako agenda dugu honakoa, norberaren egunerokoa ilargiarekin eta lurrarekin uztartzeko erraminta baita. Landareekin egiten ditugun lanak jaso eta ikasteaz gain, agendan idatziko ditugu bakoitzak gure bizitzako hitzorduak, egin beharreko lanak, gogoan hartu beharrekoak eta gainerakoak. Aldi berean, agendan irakurri ahalko dugu ilargiaren arabera aste bakoitzean lurra nola landu baratzean, fruitu arboletan, lorategietan eta basoan: zer erein, zer landatu, nola inausi, nola tratatu, zer uzta jaso, nola txertatu… Norberaren eguneroko bizitza ilargiaren eta lurraren aroekiko irekita bizi nahi duen ororentzat, gozagarri eta jakin-min asegarri dugu agenda hau”.

  • Orrialde kopurua: 200
  • Neurriak: 165 x 225 mm
  • 14,00 €

Bi usurbildar

  • Jakoba Errekondo Salsamendi (Usurbil, Gipuzkoa, 1961) paisajista eta agronomoa da. Euskal Herriko aditu handienetakoa landareen eta gizakion arteko harremanari dagokionez, erreferentzia Euskal Herriko jendartearentzat, baita komunikatzaile trebea ere. Hainbat hedabidetan aritzen da landareak, paisaia, baratzezaintza, lorezaintza eta abarri buruz. ARGIA astekarian duela 22 urte hasi eta astero astero idatzi du gai hauen inguruan eta dagoenerako 1000 artikulutik gora argitara eman ditu bertan. Euskadi Irratian 30 urteik gora daramatza bere kontsultategi ezagunarekin. Lau liburu idatziak ditu: Etxe barrurako landareak (Elhuyar, 1995), Euskal Herriko sagardoa (Iñigo garcia de Eulaterekin batera, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak-Elhuyar, 1997), Bizi Baratzea (Argia, 2015) eta Altza Porru (Antton Olariaga, Asisko, Unai Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Mattin, Axpi, Josevyski eta Zaldieroa ilustratzaileekin batera – Argia, 2016). Eta azken lau urte hauetan (2018, 2019, 2020 eta 2021) Landareak Lantzen gida-liburuak kaleratu ditu Antton Olariagarekin batera. 2019an 111 hostoz eta orriz jantzi liburua kaleratu zuen eta 2020an, Etxeko Landareak liburua.
  • Antton Olariaga Aranburu (Usurbil, Gipuzkoa, 1946) komikigilea da. Arte Ederretako ikasketak egin zituen Valentzian aurrena eta Bilbon gero. Valentzian bertan Las Provincias egunkarian hasi zen kolaboratzen marrazkilari gisa, eta ondoren Cuadernos para el Diálogo aldizkari ospetsuan. Publizitatean eginiko etapa labur baten ondoren, eta bere euskaltasunak bultzaturik, Zeruko Argia aldizkarira bidali zituen lanak, froga gisa. Lanok onartuak izan ziren, eta orduan hasi zen Olariagaren ekarri oparoa euskalgintzari, gero eta harreman estuagoan. Bilbora etorririk, laster ugaritu zituen kolaborazioak prentsan (Anaitasuna) eta argitaletxeetan (Saioka…). Alderdi biok, egunean eguneko lanak eta liburugintzak, albisteak eta ilustrazioak, garrantzi berezia izango zuten beti bere lanean, egundaino.

Argitalpen gehiago

  • Bizi Baratzea: Baratzeari buruzko jakintza orokor eta osatua biltzen duen liburua.
  • Altza Porru: Euskal Herriko zortzi marrazkilari hauek elkartu zituen Jakoba Errekondoren azalpenen hariak: Antton Olariaga, Asisko, “mattin” martiarena, Ainara Azpiazu “Axpi”, Joseba Larratxe, Unai Iturriaga, Unai Gaztelumendi eta Zaldieroa.
  • 111 hostoz eta orriz jantzi: Argian 25 urtez landareei buruz idatzitako 1.111 artikuluetatik 22 lagun ezagunek (bertsolariak, idazleak, musikariak…) eginiko hautaketa lanen bilduma da.
  • Liburuez gain, Bizi Baratzea webgunean aurki dezakezu landareei buruzko informazioa, etengabe berritzen dena. Bertako buletinean izena emanez gero, astelehen goizetan posta elektronikoz jasoko duzu aste horretako edukien bilduma, doan.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.