Irailak 27, duela 45 urte frankismoak fusilatu zituen militante iraultzaileak gogoan

Mikel Laboa plazan Usurbilgo Sortuk jarri du oroigarria (Arg.: Sortu Usurbil)

Irailak 27ko egun honetan, duela 45 urte frankismoak fusilatu zituen militante iraultzaileak gogoan ditugu. Jon Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi ETAko kideak, gaur bezalako egun batean erail zituzten, eta baita Ramon Garcia Sanz, Jose Luis Sanchez Bravo eta Xoxe Humberto Baena FRAPeko militanteak ere. Orduan, Euskal Herri osoak Sardanyola eta Burgosera begira, begiak malkotan, eman zituen orduak, diktaduraren azken joku zikiñaren aurrean amorruari eta penari eutsi ezinik. 1975ean izan zen hori, eta ordutik, urtero-urtero haien oroimenari eusten zaio. Usurbilen ere oroigarri bat jarri da Mikel Laboa plazan.

Usurbilgo Sortu

“Arian-arian altxatzen da Euskal Herria! Bizitza duina ahalbidetzeko aukera, biziraupenaren aldeko borrokaren uzta”.

Sorturen adierazpena

Sortuk honako adierazpen batkaleratu du irailaren 27 honetan, Txiki eta Otaegiren fusilatzeen urteurrenean:

“Koronabirusak tragedia erraldoia ekarri du, egungo sistema sozial, ekonomiko eta politikoaren gabeziak eta injustiziak sakonduz, eta, une berean, agerian utziz. Errepresioaren pandemiak ere jarraitzen du gurean, berriki Igor González Sola preso politikoaren bizitza eraman du. Euskal Herritik at hartzen dira gure bizitza baldintzatzen dituzten erabakiak, eta nabarmena da inoiz baino beharrezkoagoa dela gure buruaren jabe bilakatzea, bestela bizitzeko, hemen eta mundu osoan.

Geroari so egin behar diogu, nondik gatozen aintzat hartuta. Bizirauteko hautua egin zutelako gaude bizirik herri gisa. Duela hainbat hamarkada Euskal Herriaren herri gisako biziraupena zegoen kolokan, batetik, diktadura frankistak erabateko asimilazioa zuelako helburu; eta, bestetik, ekonomia, jendarte eta pentsamendu mailako aldaketek berezitasunen desagerpena eragiten zutelako, frantziar eta espainiar Estatu posinperialen eskualde bilakatzeko arriskua nabarmena zela. Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu ziren gazte ero batzuk, eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak. Estatuen erantzuna errepresioa eta satanizazioa izan zen: euskal basakeria espainiar eta frantziar zibilizazioaren aurka, tortura eta estatu terrorismoa zibilizazio horren adierazpen argigarriak direla.

Borrokak bideak irekitzen ditu. Munduan eman diren aurrerapen oro borroka askatzaileen ondorioak dira. Borroka askatzaileek hobetzen dute mundua, baina konkista sozial guztiek pribilegiatuen nagusitasuna urratzen dute, eta goikoak ez dira geldirik egoten. Borroka askatzaileen deslegitimazioa borroka bera bezain zaharra da. Indarkeria politiko batzuen gaitzespen moralistaren forma hartzen du, edo jendarte hausturaren narratiba, baina, sakonean, protesta eta beste mundu baten eraikuntza da deslegitimatu nahi dutena. Mundu osoan, eta Euskal Herrian ere bai!

Beste mundu baten eraikuntza da galarazi nahi dutena. Oraingo menderankuntzen defentsari errelatoaren lehia diote, eta batzuk amua irentsi eta moralismoaren joko zurian erori dira. Beste batzuk, berriz, badakigu zer den sakonean dagoena. Politika eraldatzailearen aukera da kriminalizatu nahi dutena, 78ko erregimena eta Frantziako bosgarren errepublika gainditu eta beste instituzionalizio prozesuak garatzeko aukera, hots, haustura demokratikoen aukera.

Biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazte eroek, horregatik dago gure eskuetan bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahantziko. Ez ditugu inoiz ahantziko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egunko aukera berriak. Herri gisako bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!”

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.