Gaur greba eguna hezkuntzan

ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek, gaur (irailak 15) hezkuntza alorrean aurrez aurreko itzulera seguru eta adostuaren aldeko greba eguna deitu dute. Eusko Jaurlaritzak finkatu ditu gutxieneko zerbitzuak eta deitzaileen esanetan hori greba eta mobilizazioak ikusezin bihurtzeko ahaleginak dira. Jaurlaritzaren erabakia epaitegietara eramatea aztertzen ari dira: “Hezkuntza Sailaren kudeaketa tamalgarria eta izandako utzikeria ezkutatuz mobilizazioa ikusezin egiteko eta greba desaktibatzeko saiakera bat suposatzen du”.

Zergatik greba?

Hezkuntza Sailaren jarrerak bere horretan segitzen duela salatzen dute sindikatuok; inprobisazioa, sindikatuekin interlokuzio falta, protokolo berantiarrak, hartu beharreko neurrien bueltan ikastetxeen babes falta, inbertsio gehigarri falta, irakasleen kontratazio eskasa… Sindikatuekin elkarrizketa eta negoziazioa aktibatzea eskatzen dute, lanpostu guztietako ordezkapenak betetzea, ikasleen ratioak jaistea, jantoki zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea, eskola garraio zerbitzu segurua, curriculumaren egokitzapena, lan taldeak indartzea…: “EAEko Hezkuntza Sailari ziurgabetasun honekin bukatu eta itzulera segurua, aurrez aurrekoa eta adostua bermatzeko neurri eta irizpide komunak jar ditzaten exijitzen diogu”.

Manifestazioak

Sindikatuok manifestazio bana deitu dute hiriburuetan, guztiak 11:00etan

  • Donostia, Alderdi Ederretik.
  • Gazteiz, Jesus Guridi kontserbatoriko parketik.
  • Bilbo, Arriagatik.

Atxikimenduak

Ikama ikasle antolakundea

Pasa den asteburuan jendaurrean aurkeztu zen Ikama ikasle antolakunde berriak (Ikasle borrokaz, hezkuntza sistema zapaltzaileari aurre egin nahi dion Euskal Herri osoko ikasle mugimendua) mobilizatzera deitu ditu baita ikasleak gaur goizerako, 10:30etan Donostiako Easo plazatik “Ikasturte berri desfasatua. Ikasleak hezkuntzaren erdigunean!” lemapean. Ondoren, 11:00etan sindikatuek antolatuta Alderdi Ederretik abiatuko den manifestaziora batuko da Ikamaren zutabea.

Ernai Usurbil

Ernai Usurbilek deialdiarekin bat egin du: “Adi ikasle! Ikasgeletara itzulera negargarria izan da, goazen haserrea antolatzera! Irailaren 15ean hezkuntza komunitateak kaleak hartuko ditu ikasgeletara itzulera adostua eta segurua aldarrikatuz. Ikasleok bat egiten dugu aldarriekin eta mobilizazioetan egongo gara! Ikasle antolakuntzaz hezkuntza sistema eraldatu!”.

Ikasle Abertzaleak

Ikasle Abertzaleak, ikasleria langilearen antolakunde sozialistak, ere grebarako deia egin du: Oldarraldi burgesa eta sistema kapitalistaren krisialdiaren aurrean, langile kontrolpeko hezkuntza aldarrikatuko dugu. Hezkuntza komunitateko langileriaren osasuna bermatzen ez den heinean aurrean izango gaituzue. Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!”.

Sindikatueen adierazpena

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT SINDIKATUEN ADIERAZPEN BATERATUA

Eskoletara aurrez aurre itzultzeko Hezkuntza Sailaren kudeaketak onartezina eta arduragabea izaten jarraitzen du; aldebakarrekoa eta adostu gabekoa, berantiarra eta langile, ikasle zein familiengan etengabeko ziurgabetasun egoera sortzen ari dena.

Pasa den ikasturteko maiatzean Hezkuntza Sailak ikastetxeetara aurrez aurre itzultzeko asmoa aurkeztu zuenean, agerikoa zen une horretan ez zirela osasuna bermatuz eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak ematen. Hau horrela, hezkuntzan ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok, eskoletara itzulera seguru eta adostu baten aldeko dinamika jarri genuen abian, eta dinamika horren baitan hainbat mobilizazio, idatzi eta ekimen gauzatu.

Besteak beste, ekainean erregistratu genuen idatzi baten bidez, 2020/2021 ikasturtera begira, oinarrizko aldarrikapen komunak betetzea exijitu genion Sailari: kurtso hasierarako plangintza eta irizpide orokorrak eragileokin eta sindikatuokin negoziatzea; gertatu litezkeen 3 eszenatoki ezberdinei egokituriko osasuna eta segurtasuna bermatzeko protokoloak langileon ordezkariokin negoziatu, adostu eta betetzea; eta pandemiak sorturiko egoerari aurre egiteko beharrezko diren baliabide, ratio jaitsiera eta langileen gehikuntza arautzea, dagokion kasuan baliabide ekonomiko, pedagogiko, formatibo eta pertsonalez hornitzeaz batera.

Ekimen, eskaera eta idatzi haiek ordea, ez zuten erantzunik izan, eta ikasturte berriaren atarian, Hezkuntza Sailak jarrera berberarekin jarraitzen du:

  • Sailak ez du argitu aurreikusitako zein eszenatokitan gaudela ulertzen duen ere.
  • Sindikatuokin interlokuziorik ez dago. Neurriak aurrera eraman beharko dituzten langileen ordezkariekin ez da bilera bakar bat egon, aldebakarrez prestatu dituen protokoloen berri komunikabideen bitartez izan dugu. Langileon ordezkariak eta ondorioz langileak mespretxatzen ditu etengabe, itunpeko patronalekin bildu den bitartean gurekin bildu gabe ere jarraitzen du eta.
  • 2020-2021 ikasturterako aurkeztutako protokoloak oso berandu datoz, hilabeteak izan ditu protokoloa elkarlanean jorratzeko eta azkena langileak ikastetxera bueltatu baina hiru egun lehenago jakinarazi du. Eta, hezkuntza sare guztietarako irizpide komun eta argirik ez dute ezartzen.
  • Protokolo hauetan agerian geratzen denez, Sailak osasuna bermatzeko neurrien inguruan berari dagokion ardura ikastetxe eta zuzendaritzen gain uzten du, hauek gerta daitekeen egoerarekiko babes gabe gelditzen direlarik.
  • Inprobisazioa da nagusi. Horretaz gain, osasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak zein hauek aurrera eraman ahal izateko baliabideetan ez dago zehaztasunik. Ez dio diagnostiko eta plangintza orokor bati erantzuten.
  • Abuztuaren 28ko prentsaurrekoan, 1.000 irakasleren kontratazioa aukera iragarri zuen sailburuak. Oso kopuru eskasa izateaz gain, berri hau abuztuaren 28an presaka emateak, kontratazio prozesuak jada itxita daudenean, ratio jaitsierarik aurreikusi gabe, eta zein irizpideri erantzuten dioten ere argitu gabe, propaganda ariketa huts baten aurrean gaudela ondorioztatzera garamatza. Ez dakigu zein irizpideren baitan egingo diren, noiz egingo diren, ez eta egingo diren ere. Aukera hau gainera irakasleetara soilik mugatzen da, gainerako kolektiboetan ere plantila gehikuntzak erabat beharrezkoak liratekeenean.
  • Arrakala sozioekonomiko edo teknologikorik handiena titulartasun publikoko ikastetxeetan egon denean, ez dago ikastetxe hauetarako inolako inbertsio gehigarririk, soilik tablet batzuk.

Sindikatuok behar pedagogikoei erantzungo dion aurrez aurreko ikasturte baten aldekoak gara zalantzarik gabe, bereziki zaurgarriak diren ikasleak babesteko. Hezkuntza gizarterako kohesio tresna bat delako. Argi dago ordea, egoera epidemiologiko kezkagarri batean gaudela, eta horregatik ezinbestekoa da aurrez aurreko itzulera segurua bermatzeko neurri eraginkorrak planifikatu eta hori posible izateko baliabideak jartzea.

Gure eskaerak beraz, ondorengoak dira:

  • Hezkuntza Sailak eta baita Patronalek interlokuzioa eta negoziazioa aktibatzea langileon ordezkariokin itzulerari begirako plangintza elkarbanatu, negoziatu eta adosteko, sektorez sektore, kolektiboz kolektibo.
  • Ordezkapenak betetzea lehenengo egunetik lanpostu guztietan
  • Ikasleen ratioak jaistea: Ikasgeletan pertsonako 3m2 izatea, 1,5m-ko segurtasun distantzia eta espazio okupazio egokia bermatzeko; beti ere ikasgeletan 10-15 ikasleko gehienekoarekin.
  • Garbiketako ratioak egokitu eta metrajea zehaztea. Langile propio gehiago kontratatu, azpikontratazioari mugak jarriz.
  • Jantoki zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea; distantziak mantentzeko beharrezko neurriak hartuz eta berrantolatuz, ratioak egokituz eta lanpostu guztiak mantenduz.
  • Eskola garraioan ere segurtasun eta garbitasun neurriak
  • Arrakalak bideratzeko neurriak ezartzea: arrakala pedagogiko, sozial, teknologiko, eta bereziki euskarari dagokionari erantzuteko bitartekoak.
  • Curriculumaren egokitzapen eta murriztea, ikasgelan landu beharreko errealitateei arreta jarriz: doluaren tratamendua, irakaskuntza telematikoak sortu duena, etab.
  • Zaurgarrienak diren eta osasun arazoak dituzten langileak babesteko neurriak ezartzea, baita egoera honen aurrean kontziliatzeko arazoak izango dituzten langileentzat ere.
  • Langileen plantila gehikuntza:
    • Irakasle zein hezitzaile plantila gehitzea aipatutako ratioak betetzeko beharrezko kopuruan.
    • Jarduera osagarrietan beharrezko plantila gehikuntzak: langile propioen kontratazio gehigarriak gauzatzea. Garbiketan garbiketa jarraia bermatzeko, jantokian distantziak bermatu eta arreta egokia emateko, garraio zerbitzuan berdin.

Egoera honen aurrean, EAEko Hezkuntza Sailari ziurgabetasun honekin bukatu eta itzulera segurua, aurrez aurrekoa eta adostua bermatzeko neurri eta irizpide komunak jar ditzaten exijitzen diogu. Horretarako, ondorengo mobilizazio egutegia dugu hezkuntzan ordezkaritza daukagun bost sindikatuok:

  • Irailak 4: ikastetxeetan argazki kolektiboekin kontzentrak + greba erregistroa
  • Irailak 10: arratsaldeko 18etan mobilizazioak Hezkuntza Delegaritzen aurrean Bilbon, Donostian eta Gasteizen Hezkuntza Komunitatea ere gonbidatuz.
  • Irailak 15 Greba eguna “Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.