Igor Gonzalez Sola Bilboko presoaren heriotza salatzeko gaur elkarretaratzea Mikel Laboa plazan

Espetxe Instituzioetako iturriek emandako informazioaren arabera, atzo (irailak 4) Igor Gonzalez Sola Bilboko presoa hilik topatu zuten Martuteneko kartzelan, eta guardiako epaileari eman zioten gertatutakoaren berri. 47 urte zituen Gonzalez Solak, eta uztailean eraman zuten Martuteneko espetxera. 19:30ak aldera izan zuten haren ingurukoek heriotzaren berri.  Aurrez, 2018an, Valdemorotik (Madril, 420 km) Soriara (Espainia, 230 km) eraman zuten, bigarren gradura pasatzearekin batera. Kartzelaldiaren hiru laurdenak beteak zituen Igor Gonzalez Sola Bilboko preso politikoak.

Mobilizazioak

  • Irailak 5, larunbata: Usurbilgo Sortuk deituta 20:00etan elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
  • Irailak 6, igandea: Sarek deituta, 12:00etan manifestazioa Bilboko Eliptika plazatik.

Igor Gonzalez Sola

2005eko martxoan atxilotu zuten Donostiako Antigua auzoko etxebizitza batean, ETAri laguntzea, dokumentuak faltsutzea eta armak gordetzea egotzita. Inkomunikatuta igaro zuen atxiloaldia, eta torturak salatu zituen. 20 urteko kondena ezarri zioten. 2008an eta 2009an, bere buruaz beste egiten saiatu zen, lehenbizi Puertoko kartzelan eta gero Badajozkoan. Aurengo martxoan bete zituen zigorraren hiru-laurdenak. Gainera, 2014an, Etxerat elkarteak salatu zuen Gonzalez Solaren ama Bixenta Solari anbulantzia bat ukatu ziotela. Semearekin aurrez aurreko bisita egitera joan zen bere bi urteko bilobarekin, eta labain egin eta buruan kolpea hartu zuen. Elkarteak ohar batean salatu zuen funtzionarioek ez ziotela utzi anbulantziari deitzen, eta, azkenean, beste preso baten senideek eraman zuten ospitalera; hamahiru grapa behar izan zituen buruan.

Kartzelan hildako euskal presoak: 18

Gonzalez Solarekin, hemezortzi dira kartzelan hildako euskal presoak. Horietatik zazpi gaixotasunen ondorioz edo osasun arazo batengatik, eta beste bederatzi beren buruaz beste eginda agertu ziren. Azkena Xabier Rey Urmeneta izan zen; 2018ko martxoan hil zen, Puerto III-n zegoela.

Etxerat

“Igor Gonzalez Sola Bilboko preso politikoa hilda aurkitu dute Martuteneko espetxean gaur arratsaldean. Lehenik eta behin, Etxerat-ek elkartasuna eta besarkada bero eta maitekorra helarazi nahi die familiakoei eta lagunei une latz hauetan. Igor González Sola 2005ean espetxeratu zuten. Espetxean 15 urte bete zituen, eta espetxetik kanpoko laguntza psikologikoa zuen aspalditik. Aurtengo uztailean, duela bi hilabete eskas, Martuteneko espetxera eraman zuten. Sakabanatze-politikak beste biktima bat eragin du. Guztira 22 pertsona hil dira espetxean, medikuen laguntza ezaren, salbuespeneko espetxe-politikek eragindako muturreko bizi-baldintzen eta euskal preso politikoek duten presio jasanezinaren ondorioz. Horiek dira sakabanatze-politikaren fruituak; honen alde kokatzen direnen emaitzak, aktibo iraun dezan eta urrunketa amaitu ez dadin eskatzen duten haiena. Espetxean hildakoak ditugu, urrunketaren eraginez hildakoak ditugu eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute sufrimendu honekin amaitu nahi. Hau dela eta igande honetan, irailaren 6an, herritar guztiei dei egiten diegu Bilbon 12:00etan Sarek deitutako manifestazioan parte hartzera. Ez dugu hildako gehiagorik nahi!”

Sare

“Sarek Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatzen du. Edozein preso bortizki hiltzeak kartzela-sistemaren porrota dakar, eta horixe salatu du Sarek aspalditik. Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non pilatuta bizi diren kondena amaitu arte. Igorrek, beste preso askoren kasuan bezala, sistema anker baten ondorioz bizia galdu du, aparteko baldintzetan bere espetxe zigorrari aurre egitearen ondorioz, salbuespen legediaren ondorioz. Horrek gogoeta eginarazi behar die erakunde eta alderdi guztiei. Igorrek, eskubide urraketa ugari jasateaz gain, kondenaren 3/4 beteta zituen, eta ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei aplikatzen zaien espetxe-araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur egun aske egon zen eta bizirik. Ez gara aspertuko etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula errepikatzeaz. Salbuespen-legeak heriotza dakar eta guztion ardura da politika hau betiko bertan behera lagatzea. Horregatik, igande honetan, irailaren 6an, herritar guztiei dei egiten diegu Bilbon 12:00etan egingo den manifestazioan parte hartzera”.

EH Bildu

“Igor Gonzalez Sola euskal presoa Martuteneko espetxean hiltzea onartezintzat jo du EH Bilduk. ETAk indarkeriaren erabilera behin betirako utziko zuela iragarri zuenetik 9 urte bete direnan, eta erakundea desagertu zenetik bi urte baino gehiago bete direnean, ulertezina da oraindik ere presoak espetxean izatea. Gonzalez Solaren heriotzak berriro ere egiaztatu du ezinbestekoa dela presoak berehala beren etxeetara itzultzea. Euskal gizartearen gehiengoak behin eta berriro aldarrikatu duen elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzak urratsak ematea eskatzen du, eta bide horretan funtsezkoa da euskal presoak lehenbailehen aske uztea. Zentzu horretan, premiazkoa da Espainiako Estatuak bere espetxe politika behingoz aldatzea. EH Bilduk doluminak helarazi nahi dizkie Igor Gonzalez Solaren senideei eta lagunei”.

Lau preso lekuz aldatuta

Espainiako Espetxe Erakundeek lau euskal presoren lekualdaketen berri eman zuen atzo:

  • Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez Picassenteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxean zeuden, eta Aranjuezera (Madril) mugituko dituzte. Ume bat daukate, eta Picassenteko amen moduluan zegoen, Mendizabalekin. Espetxe Erakundeen arabera, itxi egingo dute Picassenteko amen modulua (Alacanten zabalduko dute beste bat), eta bi presoak Aranjuezkora mugituko dituzte orain. Gonzalezi bigarren gradua eman diote; Mendizabalek, aldiz, lehen graduan segituko luke.
  • Asier Bengoa Lopez eta Faustino Marcos Alvarez Herrera de la Manchatik (Ciudad Real, Espainia), Darocara lekualdatuko dituzte (Zaragoza, Espainia). Euskal Herritik hurbilxeago egongo dira, beraz. Espetxeak proposatu du Bengoa bigarren gradura igarotzea; Alvarezek beteak ditu kondenaren hiru laurdenak.
  • Urko Labeaga Garcia euskal presoari, berriz, hirugarren gradua eman diotela jakinarazi dute. 1998tik dago espetxean Labeaga, eta zigorraren hiru laurdenak bete zituen 2017an. Asturiasen daukate preso, eta espetxeak proposatu du Donostiara eramateko.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.