Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herriko presoak bisitarik gabe utzi dituzte

Abuztuaren 28an Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratzea (Arg.: Noaua!)

Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak jakinarazi du Madrilgo Aranjuezeko espetxean antzeman duten covid19 kasu bat tarteko, bisita guztiak eten zaizkiela bertan preso dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrei. Asteburuan Olatz arratsaldean bisitatzera zihoazenak Olatzek berak telefonoz abisua eman zien ezingo zutela sartu eta ondorioz itzuli egin ziren. Espetxe berean baina modulu ezberdinetan bereiziak dauden Olatz eta Patxi elkar ikusteko bisitak ere eten dizkiete.

Ia 7 hilabete Xua eta hurbilekoak besarkatu ezinik

Koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, espetxeetan hartu diren neurriak tarteko, Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak ia zazpi hilabete daramate Aranjuezeko espetxean 3 urteko Xua alaba eta hurbileko senideak besarkatu ezinik. Pasa den ostiralean Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak antolatutako euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzean, asteburuan bisitak guztiz ete aurretik, ia denak bertan behera utzi zaizkiela salatu zuen. Testuinguru honetan, urruntze neurriak indargabetu eta nazioarteko erakundeek pandemia hasieran plazaraturiko neurriak aplikatzea eskatu zen: “Egoera honen aurrean, urruntzea lehenbailehen desaktibatzea eta nazioarteko erakundeek pandemiaren hasieran gomendatu zituzten neurriak aktibatzea eskatzen dugu; hau da, hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku-taldean daudenak eta  65 urte baino gehiago dituztenak askatzea. PCR probak egin behar zaizkie preso guztiei, kalean egiten ari den bezala, birusa espetxeetan sar ez dadin eta komunikatzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea duintasunez bermatzeko”.

Usurbilen Nahi Ditugu Elkartea: “Lokutorioan kristalarekin egiten ez diren gainerako bisitak kendu dituzte: komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak. Neurri hauek hainbat presoei eragingo diete, tartean, duela bi urtetik kalean behar zuten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideei. Uztailaren 18an jaio zen Maddi alabarekin batera Aranjuezeko espetxean dira egun. Urtarrilean 3 urte bete zituenean haiengandik bereizi zuten alaba Xuarengandik ehunka kilometrora. Neurri honek zuzenean eragin die Olatz eta Patxi presoei. Ia zazpi hilabete daramate Xua eta gertuko senideak besarkatu gabe-Maddi jaio zen erietxean izan zuten tartetxoa kenduta Olatzen kasuan- eta orain hala segitu beharko dute. Lehendik ere indarrean ziren urruntze neurriei, orain, egun bizi dugun osasun krisialdiaren ondorioz, denok dakigu presoen eta beren senideek emozio-karga handia jasaten ari direla: segurtasun-eza, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna… Izan ere, espetxeetan isolamendua areagotzen ari da. Hartueman gero eta mugatuagoak dituzte presoek eta haien senide eta lagunek, konfinamenduak lehenik eta deseskalatze prozesuak gero eragindako eragozpenekin batera. Presoek jatorrizko komunitateetan egon behar dute, euskal presoek Euskal Herrian egon behar dute. Hala balitz, euskal presoak etxetik hurbilen diren espetxeetan egongo balira, Nafarroako eta Euskadiko erkidegoen osasun publikoko zerbitzuak izateko aukera izango lukete”. 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.