Gaur 20:00etan euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan

Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak gaur, abuztuak 28, hileko azken ostiralarekin bat, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo du, Mikel Laboa plazan, 20:00etan (segurtasun tartea errespetatzea eta maskararekin egotea eskatzen da). Gogoan izan Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Madrilgo Aranjuezeko espetxean daudela. Ekainaren 23an 11 urte bete dira espetxeratu zituztenetik. Indarrean den espainiar legedia eskutan hartuta, 2018az geroztik kalean behar zuten.

Bisitak bertan behera

Ostiraleko elkarretaratzea senide eta lagunek euskal presoekin izan ohi dituzten komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak bertan behera geratu direla jakin berritan egingo da. Etxerat-ek aste honetan jakinarazi du, bisita guztiak eten dituela Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak Hego Euskal Herriko, Madril eta Errioxa erkidegoetako, Zaragozako eta Valentziako espetxeetan, covid19-a dela eta. “Bis a Bis” komunikazioak ere bertan behera utzi dituzte Jaen, Curtis, Daroca, Badajoz, El Dueso eta Puerto I espetxeetan. Ocañan eta Puerto III-n ere murrizketak daude. Eta Topaseko presoek koarentenak pairatzen dituzte.

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik uztaila amaieran eginiko elkarretaratzean gerta zitekeenaz ohartarazi zuten: “Prebentzio-neurri gisa bisitak murriztu zituzten eta urrunketa dela-eta presoek hilabeteetan ez dituzte bisitarik jaso. Orain hasi dira bisita batzuk izaten baina aurrez aurreko oso gutxi bideratu dira nahiz eta Espetxe Zuzendaritzak uztailean berrekingo zietela esan zuen. Olatz, Patxi, Maddi eta haien senideei zuzenean eragiten ari zaie errealitate hau. Patxiren eta Olatzen senideen ere ez dute oraindik bis a bisarik lortu. Beldur gara berriro ere bisitak bertan behera ez ote diren geratuko eta haien familiak eta, batez ere, alaba Xuak gurasoak ikusi ahal izateko berriz ere hilabeteak igaro behar izana”.

Pandemia hasieran gomendatutako neurriak indarrean jartzea

Etxeratek presoen eta senideen artean areagotzen doan sufrimendua salatu du:

“Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki du Hego Euskal Herriko, Madrilgo Erkidegoko, Errioxako, Zaragozako eta Valentziako espetxeetan komunikazio intimoak, familiarrak eta bizikidetzakoak bertan behera uztea, hau da, lokutorioan kristalarekin egiten ez direnak.

Bestalde, Etxerat Elkarteak kontrastatutako datuen arabera, gaur egun vis a vis komunikazioak ere bertan behera utzi dituzte Jaen, Curtis, Daroca, Badajoz, El Dueso eta Puerto I espetxeetan. Ocañan eta Puerto III-n ere murrizketak daude. Eta Topaseko presoek koarentenak pairatzen dituzte. Euskal presoek eta haien senideok (gaur egun senideen %66ak 1.200 eta 2.200 km arteko bidaiak egin beharko ditu haien senide presoak bisitatzeko) emozio-karga handia jasaten ari gara, osasun-krisiaren ondorioz segurtasun-eza, urduritasuna, beldurra eta ezintasuna bizitzen ari garelako; izan ere, espetxeetan isolamendua areagotzen da.

Egoera honen aurrean, Etxerat Elkarteak urruntzea lehenbailehen desaktibatzea eta nazioarteko erakundeek pandemiaren hasieran gomendatu zituzten neurriak aktibatzea eskatzen duen eskaera sozial nagusia bere egiten du; hau da, hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku-taldean daudenak eta  65 urte baino gehiago dituztenak askatzea. PCR probak egin behar zaizkie preso guztiei, kalean egiten ari den bezala, birusa espetxeetan sar ez dadin eta komunikatzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea duintasunez bermatzeko

Berri ona da espetxe-osasunaren arloko eskumenak Foru Gobernuari eskualdatzea, horri esker, Nafarroako presoek, EAEkoek bezala, haien erkidegoko osasun publikoko zerbitzuak eskura ditzakete. Baina horretarako, presoek jatorrizko komunitateetan egon behar dute behingoz. Euskal presoek Euskal Herrian egon behar dute”.

Urrunketa politika abiatu zeneko 33 urte

Uztailaren 31n egin zen elkarretaratzean, urrunketa politika abiatu zeneko 33 urte bete zirela salatu zuten Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak. Ekimen berean, ongi etorria eman zioten uztailaren 18an jaio zen Olatz eta Patxiren bigarren alaba Maddiri: “Gutxienez, ez zailtasunik gabe, Maddi jaio zenean ama ikusteko eta ahizpa Xua ezagutzeko aukera izan zuten erietxean. Maddiren etorrerak behintzat argizpi eta poztasun ederra ekarri dizkiete”. Hiruren etxeratzea exijitzearekin batera, Maddiri ongi etorria emateko talde argazkia atera zuten.

Uztailaren 31ko elkarretaratzea (Arg.: Noaua!)

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.