Abuztuaren 27an 23. Baba Txiki Beltza Kofradiaren festa eguna ospatuko da

Baba Txiki Beltza Kofradia 20192019an ospatu zen Baba Txiki Beltza Kofradiaren festa eguna (Arg.: Noaua!)

Abuztuaren 27an (osteguna), Baba Txiki Beltza Kofradia berriz elkartuko da baba preziatuaren inguruan ospakizun berezia egiteko. Aurtengoa 23. edizioa izango da eta urtero egiten den moduan, kofradekide berria izendatuko dute jaialdian. 2019an Rufino Izagirre herritarra izendatu zuten eta aurten, iaz jakinarazita, Guillermo Tapia izango da.

Bazkaria Saizar sagardotegian

Bazkaria Saizar sagardotegian egingo da (14:00ak aldera) eta irekia izango da. Antolatzaileek jakinarazi dute baba beltz txikia dastatuko den bazkaria kantu eta festa giroan ospatuko dela. Lekua aurretik erreserbatu behar da eta horretarako Saizar sagardotegira deitu behar da: 943 364 597 edo sidrassaizar.com-en eskaera egin.

Laiak lagundutako erritua

Urteroko bilkurak bi osagai berezi ditu:

  1. Menua: baba beltz txikia, isatsa saltsan eta postrea.
  2. Bazkalosteko ospakizuna: 1997az geroztik egin bezala, kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen da, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera. Hautatutakoari kapa eta txapela jartzen zaio eta zin egiteko moduko ospakizuna burutzen dute  laiaren laguntzaz (lurra lantzeko tresna). Aurten ere, kofradiak duen ereserkia abestuz, kide berriari ongi etorria emango diote, lehendik kofradekide izendaturikoek.

Baba beltx txikia ereserkia

Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?

Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta “tirrit eta tarrat”
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia!

Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!

Felix Sarasolari jarritako bertsoak

Pasa den urtean kofradiaren ospakizunen artean, Felix Sarasolari jarritako bertsoak abestu eta 2018ko abenduan zendutako bilgunearen sortzailea omendu zuten.

Felixi jarriyak

Jaun agurgarriyak
erne belarriyak
kopla zahar denak utzita kanta
ditzagun berriyak.

Hemengo kosetxa
baba txiki beltxa
gure Felito goraipatzeko
nahi dut aprobetxa.

Hara, hemen berriz
beti bezain “feliz”
baba beltxaren usadioan
hemen dugu Felix.

Beraz kopla sorta
kantatzea zor da
egiak ala gezurrak diren
ez dio inporta.

Gizon dotoria 
zer kategoria!
baba beltxak gaur munduan duen
enbajadoria.

Galdetzera nua
galdera sanua;
zer giza-larru, “bi…bizi” al da
gure kubanua?

Biziarren Kuban
Habanako mugan
oroimen eta arrasto on bat
beti dauka gugan.

Izan ta ez izan
askotxoren gisan
ez hintzen noski Kubara joango
hutsaren peskisan.

Oso kontu gutxik
honek duen funtsik:
han eta hemen, leku denetan
txakurrak hankutsik.

Hango zaporeak
hango koloreak…
esaiguk, Felix, zer usain duten
Kubako loreak.

Egia bada hau:
intxaurrak hamalau,
aizak hi, Felix, han Kuban ere
ez ote dira lau?

Kubako jardiñak
larros krabeliñak…
auskalo zertan diren igualak
eta desberdinak.

Utzirik herria
hire baserria
han jakin al duk hau ez dugula
hain kontu berria?

Ez haiz komunista
baina bai artista
heuk jakingo duk zer galdu duan
eta zer konkista.

Nahi bada ikusi,
nahi bada ikasi
bai Usurbilen eta bai Kuban
“andrea nagusi”.

Grazia heurekin
baina ez harekin…
zer gertatu zen Fidel Castroren
neskamearekin?

Horrenbeste kanpai 
nola leike, konpai,
beintiotxoko den-denak bale
hemen ez ta han bai?

Lahar eta sasia
non demokrazia?
askatasuna beti garesti
hau duk desgrazia!

Luze ala motxa
dantzan beti brotxa
baina han ere ez duk izango
den-dena pagotxa.

Bertan duk Miami
hezur eta mami
baina yankeei txalo jotzera
ez hintzen joan hi.

Baina orain di-da
txarrena hori da
triste samarra egiten zaiguk
hire despedida.

Zertarako juan?
Zer zagok ba Kuban?
Gainera berdin-berdin huake
hi hemen ta gu han.

Baduk nahiko tatxa
mahaitikan altxa
lagun zahar denak hemen utzita
Kubaraino martxa.

Baina utzi hitzak,
hor zeudek ekintzak
oraintxe arte egin duana:
nahi duana eintzak.

Aio, aio Felix,
izan hadi “feliz”
ondo bizi ta urte betera
hemen gaituk berriz.

Ta ados bagaude
etzak ahaztu haure:
“noauaaaa” esanez joan hintzen eta 
“eaaamngo” haue!

Felix Sarasola 1946-2018

Ibili haiz itsasoz
ibili haiz mendaz
hire bihotz handiak
egin al du gaindiz?
Nahiz ez haugun gehiago
ikusiko begiz
denon oroimenean
biziko haiz Felix.

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.