Pako Alkorta zendu da, pilota alorrean lan handia egindako usurbildarra

Pako Alkorta

Larunbat goizean (abuztuak 8) Pako Alkorta zendu dela jakin dugu. Bere bizitza pilotari lotua egon da,  hamarkada luzez aritu zen eskupilota zaletasuna belaunaldi berriei transmititzen eta prestatzen. Gertutik ezagutu dutenek bihotz handikoa zela adierazi dute baina bihotz horrek kale egiten dio azkenaldian. 75 urterekin zendu da. Sona eta zalaparta gutxirekin baina Usurbilgatik, batik bat pelota alorrean, lan handia eta ixila egindako herritarra joan zaigu.

Gorpua Usurbilgo beilatokian egongo da igande honetan (abuztuak 9), goizez, 9:00etatik 13:00era eta arratsaldez, 16:00tatik 20:00etara. Hileta elizkizuna, astelehenean (abuztuak 10) egingo da, arratsaldeko 19:30etan Usurbilgo Salbatore Deunaren eliz-parrokian.

Haurrak entrenatzen 17 urte inguru eman zituen Pako Alkortak. Hasiera batean haundiagoekin egin zituen urte batzuk, baina ez zen hauen entrenatzailea. Bera ez zen inoiz pilotaria izan. Pelotan jokatzen oso txarra zela zioen, ikustea oso gogoko bazuen ere.

17 urte horietan, berak entrenatutako pelotariek zapaldu ez dituzten frontoiak gutxi izango dira Gipuzkoa osoan. Ezinezkoa litzateke Usurbilgo pelotariek jokatu dituzten txapelketak zenbatzea. Eta ez hori bakarrik, lortu zituzten garaipenak ere ugari izan ziren. Hala ere bada bizitza guztian ahaztuko ez duen txapelketa bat: 1991ko 25. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa

Guztia afizioagatik egiten zuen, Mai-Onan lan egin, eta aisialdian jarduten zuen haurrei pelota erakusten: “Zenbat ordu galdu ote ditut lantegian haurrak entrenatzeagatik! Eta dirua ere bai! Baina tira, gustora ibiltzen nintzen eta…”.


ENRIKE HUIZI, esku pilotako jokalari ohia eta Pako Alkorta ordezkatu zuena:(1996ko urriaren 25ean Noaua! astekarian argitaratua)

“Zer  esan Pakori buruz, lehendik esan ez dena. Batez ere hauxe daukat berari esateko; mila esker. Mila esker zure bizitza osoa eman duzulako Usurbilgo herrian pelotaren alde; pelotaren munduko ekintzak zirela eta gustura egingo zenituzkeen hainbat gauza egin gabe geratu zarelako; ni bezalako mutil askori pelotan jarduteko aukera emateagatik; zuk antolatutako eta bideratutako hainbat partida, bidaia, ekintza eta abar… eta hain momentu zoragarriak igarotzeagatik; horrenbeste jende ezagutzeko, eta lagun bikainak egiteko aukera emateagatik; asteak joan, asteak etorri, frontoian haur, pelota eta iskanbilekin horrenbeste kilo pazientzia hartzeagatik. Mila esker.

Nik beti esan dut gizon hau ikustean zerbait berezia sentitzen dudala; miresmena. Bera ikustean frontoiko ordu luzeak ikusten ditut, milaka kilometro gidatzen, Andatzpeko langelan ordu luzeak isilean lanean, denekin ongi ez geratu arren erabaki zailak hartzen, hamaika txapelketa antolatzen…

Pako izan da Usurbilen pelotako ekintzen ardura haundiena eraman duena, baina ez litzateke bidezkoa izango berari asko lagundu dioten bi pertsonen izena ez aipatzea; Jexux Zubimendi eta Joxe Manuel Matxain. Eta, noski! Azken urteetan Pakorekin batera entrenatzaile ibili den Tomas Lasarte ere bai. Ah! Eta nola ez, horrenbeste urteetan pilota partidetan laguntzen dabiltzan Joxe Mari Izagirre eta Jexux Mari Zulaika. Denei ere eskerrik beroenak. Bukatzeko esan, mila omenaldi egin arren, usurbildarrak beti egongo garela zuekin zorretan”.

2002ko Santixabelak

2002ko Santixabel jaien hasierako txupinazoa botatzea Pako Alkortari egokitu zitzaion. Ilusio handiarekin eman zion sua etxeferoari, bertaratu ziren guztiek ere gogotsu eta adi entzun zituzten Pakoren hitzak. Toka ere gustokoa zuen eta ahal zuen guztietan Santixabeletako toka txapelketetan parte hartzen zuen. Ordukoak dituzue beheko bi argazkiak.

2002ko Santixabelak (Arg.: Z.A.)

Antzerkia

Pako hainbat herri ekimenetan parte hartutakoa da. Azken aldian, antzezle gisa ikusi genuen. Gure Pakea Elkarteak antolaturiko Jubilatu Astearen baitan, bilgunearen bueltan sei herritar batu eta kultur etxeko oholtzara igo ziren, “Halako batean bagoaz Benidorrera!” antzezlana eskaintzera. Maitere arrebak animatuta parte hartu zuen Pakok. Arrakasta izan zuen umore ukitu nabarmeneko emanaldiak. Artista talde bikaina osatu zuten: Tarsi Martinez, Isi Navarro, Jone Agirrezabala, Kattalin Arzallus, Maitere eta Pako Alkorta.

Pako antzerkian

Arg.: Noaua!

Informazio gehiago

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.