Gaixotasun luze baten ondorioz Juan Mari Torrealdai Nabea zendu da

Juan Mari Torrealdai

2018, Noaua! astekariko 742 zenbakian egindako elkarrizketa (Arg.: Noaua!)

Atzo (uztailak31) arraltsaldean zabaldu zen berria, Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) gaixotasun luze baten ondorioz hil zela. Euskal kulturako intelektual handietako bat izan da, eta euskalgintzako ekintzailea. Ia 60 urteko lan oparoa utzi du.  Joan Mari Torrealdai Nabea, soziologoa, kazetaria eta idazlea zen. Hori bakarrik ez, euskaltzain urgazle, euskaltzain oso eta euskaltzain emeritu izan zen, baita Jakin aldizkariko zuzendari eta Euskaldunon Egunkariako kontseilari delegatua ere. Usurbil (Gipuzkoa) izan du bizilekua urteotan, eta bertako beilatokian jarri dute hil kapera: abuztuaren 1ean, 09:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Eta abuztuaren 2an 09:00etatik 13:00etara.

“Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela…”

Azken urteak minbiziarekin egin ditu Torrealdaik. 2015ean jakinarazi zuen hezur muineko minbizia zeukala. Hamabi urte joanak ziren Guardia Zibilak atxilotu zuela, Egunkaria itxi ondoren, eta polizia etxean jasandako torturekin lotu zuen minbizia: “Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela. Hezur muinean agertu zitzaidan minbizia”. Osasun gorabeherekin egin ditu urteok, eta haren egoerak okerrera egin du azken egunetan. Berria egunkariak jakinarazi duenez, etxeko beroan hil da, senideak eta lagun gertukoak agurturik.

Arantzazu

Torrealdaiarg1

1968, Euskara batuari buruzko kongresua Arantzazun (Arg.: Euskaltzaindia)

Foruan (Bizkaia) jaio zen Torrealdai baina haren ibilbidean beste leku bat ere esanguratsua izan da: Arantzazu. 1954an joan zen Oñatiko santutegira (Gipuzkoa), seminariora. 12 urte zituen. Zazpi urte egin zituen Arantzazun. Borborka zegoen santutegia: basilika berri eta berritzailea eraikitzen ari ziren, intelektual ugariren bilgune zen, eta Euskaltzaindiak han egin zituen batzar erabakigarriak tartean, 1968koa, euskara batuaren sorrerakoa.

Jakin

Torrealdai Arantzazuko seminariora iritsi eta gutxira ikasleek sortu zuten Jakin aldizkaria, 1956an. Torrealdai gerora sartu zen taldean, 1963an. Jakin taldeko kide gisa euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta hala jarraitu du hamarkada hauetan. 1975ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta oso 2007an.

2018an Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdaik,  Gipuzkoako Foru Aldundiaren urrezko domina jaso zuten. Taldea, hori izan du ardatz Torrealdaik ibilbide profesional osoan: kolektiboan lan egitea. Hori nabarmendu zuen, adibidez, 2016an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasotzean.

Herri ekimenak

Beste ardatz bat ere izan du Torrealdairen ibilbideak: herri ekimenaren aldeko apustua. Horren aldarria egin zuen, adibidez, 2016an, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpenean: “Herri ekimenak ikaragarri dezake, kudeaketa on batez lagundurik. Daukagun hoberentxoena herri ekimenari, lan eta elkarlan kolektiboari, hizkuntza komunitate aktibo eta konprometituari hein handi batean zor diogulakoan nago”.

Euskaldunon Egunkaria

Torrealdaiarg2

Egunkaria Sortzen taldearen agerraldia:  Joxemi Zumalabe, Martin Ugalde, Iñaki Uria eta Joan Mari Torrealdai (Arg.: Euskaldunon Egunkaria)

Herri ekimeneko proiektu handi batean murgildu zen Torrealdai 1980ko hamarkadaren amaieran: Euskaldunon Egunkaria-n. Lan diplomatikoa egitea egokitu zitzaion, proiektuaren izaera azaltzea instituzioetan eta gizarte eragileetan. 1990eko abenduaren 6an atera zuen lehen zenbakia Egunkaria-k. Administrazio kontseiluko lehendakaria izan zen Torrealdai. Herri ekimenarekin batera, bazuen beste ardatz bat: ametsak lortu egin daitezkeela, oztopoak izan arren: “Nire eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur honek bil dezake: ezina ekinez egina. Abiatzeko unean hainbat ekimenek hala ematen zuten, lortezinak zirela, baina, historia lekuko, ekinaren poderioz burutzera iritsi izan gara”.

Torrealdaiarg6

Juan Mari Torrealdai, Martin Ugalde eta Joxemi Zumalabe

Egunkaria itxi eta 14 pertsona atxilotuta

Torrealdaiarg4

2003an Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak  Egunkaria indarrez itxi zuen. Egunkaria itxi eta arduradunak atxilotu egin zituzten, tartean Torrealdai bera. Torturak salatu zituzten. Torrealdaik berak ez hasieran: bost urte behar izan zituen mina kanporatzeko. Zauri sakona izan zen. Eta ez zen atxiloaldi ondoren amaitu: 11 urteko auzibide luzeak etorri ziren ondoren —Torrealdai auzi nagusian eta ekonomikoan zegoen—. Absolbitu egin zituzten auzi nagusiko auzipetuak, eta auzi ekonomikoa artxibatu egin zuten.

Torrealdaiarg3

2003, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi, eskuburdinak jarrita, epailearen aurrean deklaratu ostean, kartzelara bidean (Arg.: EITB)

Tamalez, kalte pertsonala eta kalte profesionala egina zegoen. Torrealdaik sarraskia egin ziotela salatu zuen: eramandako paper asko ez zizkioten itzuli, eta bueltatu zizkiotenak desordenaturik zeuden: “Ez da borondaterik gabe egina. Ezabatu egiten dizute memoria, badakite-eta ni bezalako baten indarra bere dosierretan dagoela. Nire informazio bilketetan oinarritutako lanik ez dut egin ordutik”.

Torrealdaiarg5

2010, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria Andoianen. ‘Egunkaria’-ko bost auzipetuentzat absoluzioa erabaki zuen Auzitegi Nazionalak, epaitutako gertakaerak ez zirelako delitu.

Mendizalea

Joan Mari Torrealdairen lagun min Mikel Arrizabalagak bideo bat osatu du Torrealdairekin eginiko mendi ibilbideekin, euskalgintzari eta euskal kulturari emaniko guztiaz haratago, haren alde intimoago bat erakutsiz. Izan ere, mendia zuen pasioetako bat Torrealdaik.

Azken urteak

Gaixotasunaren ondorioz bere presentzia mugatuagoa izan da baina zenbait liburu argitaratu (Asedio al euskera eta De la hoguera al lápiz rojo), sariak jaso eta hitzaldiak eman ditu.

Euskara eta euskal kulturaren alde lanean

Euskara eta euskal kulturaren alde lan asko egindako da Joan Mari Torrealdai eta horren erakusle utzi duen ondarea da. Hainbat sari ere jaso zituen egindako lanaren errekonozimendu moduan.

Biografia

  • 1942/11/24: Foruan (Bizkaia) jaio zen.
  • Toulousen teologian lizentziatua.
  • Parisko Unibertsitatean Giza Zientzietan lizentziatua eta gero, informazio zientzietan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU).
  • Soziologian eta zientzia politikoetan doktorea Deustuko Unibertsitatean.
  • “Anaitasuna” hamaboskariaren zuzendaria, Elkar argitaletxeko sortzaileetako bat eta Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea.
  • 1967-2014: Jakin aldizkariko zuzendaria. eta Fundazioko lehendakari izandakoa.
  • 1969-77: Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria.
  • 1979-80: Euskal Soziologoen Elkarteko idazkaria.
  • 1990etik: Euskal Egunkariaren Administrazio Kontseiluko kidea eta lehendakaria.
  • 2003: Euskaldunon Egunkariaren itxiera. Guardia zibilek atxilotu, torturatu eta espetxeratu zuten.
  • 2007tik: euskaltzain osoa.
  • 2010: Auzitegi Nazionalak errugabe jo zuen. 2014an auzi ekonomikoa artxibatu zuten.
  • 2011: Azkue liburutegiko arduradun izendatu zuten, hil egin zen Jose Antonio Arana Martijaren ordez.

Argitalpenak

  • 1973: “Iraultzaz” entsegu liburua.
  • 1977: “Euskal idazleak gaur. Historia social de la lengua y  literatura vasca (Jakin-Caja Laboral Popular)”, euskarazko idazleei buruzko azterketa soziologikoa.
  • 1985: “Euskal Telebista eta euskara” (Elkar).
  • 1993: “XX. mendeko euskal liburuen katalogoa (1990-92, Gipuzkoako Foru Aldundia)”.
  • 1995: “La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983). Analisis de los informes del lectorado”.
  • 1997: “Euskal kultura gaur (Jakin-Caja Laboral Popular-Elkarlanean)”, euskal kulturaren egoerari buruzko azterketa soziologikoa.
  • 1998: “El libro negro del euskera” (Ttarttalo), mende luzez euskarak jasandako erasoen bilduma.
  • 1998: “Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena (Elkarlanean)” Martin Ugalderi buruzko biografia liburua.
  • 1999: “La censura de Franco y el tema vasco (Kutxa). Irun Hiria entsegu saioaren irabazlea.
  • 2000: “Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura, 1936-1983” (Susa).
  • 2009: “La censura de Franco y los escritores vascos del 98 (Ttarttalo)”.
  • 2009: “Euskaltzaindia, ekin eta jarrai” (Imanol Murua Uriarekin elkarlanean).
  • 2013: “Imanol Murua, Gipuzkoako alkate” biografia liburua.
  • 2018: “Asedio al euskera. Más allá del libro negro”.
  • 2019: “De la hoguera al lápiz rojo. La Censura franquista en el País Vasco”.

Sariak

  • 1972: Gerediaga Elkartearen Kirikiño Saria
  • 1977: Tontorra Saria.
  • 1997: Zilarrezko Euskadi Saria, Euskal kultura gaur liburuari liburu dendariek emana, Donostian ospaturiko Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagatik.
  • 1998: Zilarrezko Euskadi Saria, El libro negro del euskera liburuari liburu dendariek emana, Donostian ospaturiko Liburu Eguneko Azokan liburu salduena izateagatik.
  • 1998: Kutxa Fundazioaren Irun Hiria Literatur Saria
  • 1999: Foruko Udalak Joan Mari Torrealdai izena eman zion Kultur Etxeari.
  • 2005: Euskal PEN Klubaren Idazluma
  • 2006: Durangoko azokako Argizaiola saria
  • 2007: Ohorezko aipamena, XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian
  • 2009: Dabilen Elea Saria. EEE, EIE, EIEP, EIZIE eta Galtzagorri elkarteek emana
  • 2010: Lauaxeta Saria, euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako lanagatik, Bizkaiko Foru Aldundiakemana.
  • 2011: Dabilen Elea saria
  • 2015: Manuel Lekuona Saria irabazi zuen.
  • 2015: Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen omenaldia Kilometroak festan
  • 2018: Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen Jakin Taldearekin (Jose Azurmendi, Joseba Intxausti, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdai).

Informazio gehiago

 

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.