Herritarren Babes Sarearen laguntzarekin, Usurbilgo Udalak maskara berrerabilgarriak banatu ditu etxez etxe

Udala-maskarak2020Herritarren Babes Sarearen laguntzarekin, Usurbilgo Udalak maskara berrerabilgarriak banatu ditu etxez etxe: launa, etxebizitza bakoitzeko. Maskara berrerabilgarri higienikoak dira, UNE65 arauarekin homologatuak, eta bost aldiz garbi daitezke.

Babes sarea1

Herritarren Babes Sarea maskarak eta gutunak sobreetan sartzen. (Arg.: Usurbilgo Udala)

Usurbilgo Udala: “Maskaren erabilera orokorturako baliabideak jarri beharko lituzke administrazio publikoak, maskarak erosteak familien gastuak handitzea baitakar. Baina, halakorik ez datorrenez udalez gaindiko erakundeen aldetik, pauso bat ematea erabaki dugu. Horregatik, nahiz eta udal honen baliabide ekonomikoak mugatuak izan, 10.000 maskara erosi ditugu”.

Hondakinen prebentzio eta kudeaketarako Usurbil 0.0. programaren irudia dute maskarek. Izan ere, maskaren derrigorrezko erabilerak beste arazo bat sortu duela adierazi du Udalak: “Errefusaren ontzian bota behar dira, eta hondakin mota horren gehitzea ekar dezake. Horregatik, udaletik berrerabileraren printzipioari eutsi diogu, eta bost aldiz erabiltzeko modukoak banatu ditugu: zorroan bertan ageri da nola garbitu behar diren azaltzen duen informazioa. Maskara mota ugari dago, gaur egun, eskuragarri. Maskara kirurgikoak erabilera bakarrekoak dira. Maskara higienikoek kirurgikoen itxura dute, baina UNE65 araua bete behar dute izen hori hartu ahal izateko. EPI-ek, berriz, R hizkia izan behar dute berrerabilgarriak izateko”.

Alkatea eta zinegotziak

Alkatea eta zinegotziak maskarak eta gutunak sobreetan sartzen. (Arg.: Usurbilgo Udala)

Maskarekin batera Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatearen gutuna ere banatu da:

Usurbildar estimatu hori,

Ezer baino lehen gutun honen bidez, nire esker ona eta miresmena azaldu nahi dizut Covid-19ak eragindako osasun krisi latz honetan egiten ari zaren ahaleginagatik. Elkar-zaintzen ari gara, eta, ondorioz, gure herrian birusak izan duen hedapena oso txikia izan da. Haatik, azken asteetan hainbat herritan agerraldiak izaten ari dira, eta positibo kasuak goraz doaz.

Dakizunez, hilaren 16az geroztik, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, derrigorrezkoa da musukoa erabiltzea: leku itxi zein irekietan, distantzia bermatzeko aukera egonda ere. Musukoaren erabilera orokorturako Administrazio publikoak baliabideak jarri beharko lituzkeela uste dugu, musukoak erosteak familien gastuak handitzea baitakar. Halakorik ez dator, ordea, udalez gaindiko erakundeen aldetik. Jakin badakigu garai zailak ditugula aurrez aurre. Krisi ekonomikoaren alderik makurrenak eta gordinenak azalarazteko daudela. Horregatik, nahiz eta udal honen baliabide ekonomikoak mugatuak izan, 10.000 musuko erosi ditugu. Herritarren Babes Sareak eskainitako laguntzari esker, etxez etxe banatu ahal izan ditugu: etxe bakoitzeko lau. Horregatik, zeregin honetan lagundu duten herritarrei gure esker ona adierazi nahi diet. Elkar zaintzak eta halako elkartasun ekimen kolektiboek herri kohesionatuagoa egiten gaituzte. Komunitate bizi eta solidarioa izatea baino txerto sendagarriagorik ez dago.

Jaso dituzun musukoak berrerabilgarriak dira, higienikoak eta UNE65 arauarekin homologatuak. Hau da, segurtasuna bermatzeaz gain, ingurumena zaintzeko baliogarriak dira, bost aldiz garbi baitaitezke. Maskarak biltzen dituen zorroan topatuko dituzu maskara hauek modu seguruan erabili ahal izateko eman beharreko pausoak: nola garbitu azaltzen du modu errazean.

Ez dira garai errazak, baina, orain arte bezala, arduraz eta erantzunkidetasunez jokatzea dagokigu: eskuak maiz garbitzea, musukoak erabiltzea eta distantzia mantetzea. Norberaren osasuna ez ezik, guztiona zaintzeko modurik eraginkorrena horixe baita. Zaindu zaitez eta zaindu zure inguruakoak.

One thought on “Herritarren Babes Sarearen laguntzarekin, Usurbilgo Udalak maskara berrerabilgarriak banatu ditu etxez etxe

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.