Arg.: Karkara
Oriko herritar talde batek Zubietako erraustegiaren aurkako ekintza ugari antolatu ditu uztailaren 25 eta 26rako. Pasa den astean Orioko hondartzako belardian egindako prentsaurrekoan eman zuten egitarauaren berri. “Bizitza erdigunera. Errausketa gelditu” lemapean mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Ekintza guztiak hondartza atzeko belardian izango dira.
Antolatzaileen esanetan eraiki duten Gipuzkoa honetan sortzen diren elikagai asko toxikoegiak dira merkaturatzeko. Erraustegiaren kalte zuzenak aipatu zituzten, tartean, Oria ibaira doan errekako isurketak eta horren ondorioz hilda azaldutako arrainak eta aingirak: “Aspaldiko urteetan ura, airea eta lurra kaltetzen ari diren enpresei intoxikatzeko bide emateaz gain, erraustegia jarri dute martxan. Ikerketek frogatua dute hondakinen errekuntzak sortutako dioxina, furano zein material astunek osasunean sortzen dituzten gaitz eta ondorioak nabarmenak direla; minbiziak eta arnas sisteman kalteak, besteak beste. Erraustegia eraiki ordez, alternatiba jasangarriagoak, ekonomikoki bideragarriagoak eta osasuna hainbeste arriskatzeko arriskurik gabekoak badaude. Horregatik, hondakinen prozesu guztia aurreikusiko duen plan integral bat martxan jartzeko eskatzen dugu, minimizazioa bultzatu, produktuen eta materialen bizia luzatu, eta gaikako bilketa sistema eraginkor bat aurrera eramango duena. Norbanakoen osasuna erdigunean jartzeko ardura eta kezka azalduko duen kultura berreskuratu nahi dugu, agintari kriminalen txotxongiloak izateari utzita”.
Egitaraua
Uztailak 25, larunbata
- 12:00etan Oria ibaira doan errekako isurketen eta erraustegiaren irregulartasunen inguruko hitzaldia, Felix Olaetxea eta Ainhoa Intxaurrandietaren eskutik.
- 22:00etan erraustegiari ateak ixten dokumentalaren emanaldia.
Uztailak 26, igandea
- 12:30ean “Bizitza erdigunera. Errausketa” gelditu lelopean, giza katea.
Informazio gehiago
One thought on “Uztailaren 25 eta 26an erraustegiaren aurkako hainbat ekintza Orion”