Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak ekainaren 26an (ostirala), hileko azken ostiralarekin bat, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo du, Mikel Laboa plazan, 20:00etan. Gogoan izan Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Madrilgo Aranjuezeko espetxean daudela. Ekainaren 23an 11 urte bete dira espetxeratu zituztenetik. Indarrean den espainiar legedia eskutan hartuta, 2018az geroztik kalean behar zuten.
Eskubide urraketak
Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak adierazita, azken urteetan hainbat eskubide urraketa pairatu dituzte eta koronabirusaren eraginez, konfinamendu hilabete hauetan are gehiago: “Gainerako presoak bezala, gure herrikide Olatz eta Patxik jasan dute (eta oraindik ere jasaten ari dira) itxialdi bikoiztua eta Olatzen kasuan hirukoiztu bezala definitu genezakeena. Izan ere, kartzelako ohiko giltzapetzeari, modulokoa eta orain bere ziegakoa ere sufritzea tokatzen ari zaio. Bere haurdunaldia dela-eta, azterketak egiteko ospitalera eraman dutenez, handik itzulitakoan berrogeialdian bakartua segitzen baitu”.
Familia bildu ezinik
Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak jakinarazi du Olatz eta Patxi bisitarik gabe izan direla azken aste honetan: “Urte hasieran alaba Xua haiengandik bereizi zutenetik behin baino ezin izan dute ikusi gurasoek. Beste presoak bezala, haiek ere ezin izan dute aste hauetan guztietan bisitarik izan eta Xuak Picassent utzi zuenetik, behin bakarrik ikusi dute, otsailaren 27an. Telefono bidezko deiak eta bideo-dei bakan batzuk izan dira elkar ikusi ezin horren zuloa betetzeko modu bakarra”.