Arg.: Noaua!
Usurbilgo Udalak jakinarazi du, orain arte Zumarte musika eskola berritzeko lanak egiteko erabili den garabia ekainaren 15ean (astelehena) kendu egingo dutela eta horretarako, Txaramunto kalea itxi egingo dela. 08:00etatik 18:00etara bitartean autoek ezingo dute sartu ez irten bertatik. Atarietan oharra jarriko du Zumarte musika eskola berritzeko lana egiten ari den enpresak, bizilagunak jakinaren gainean egon daitezen.
Koronabirusaren eraginez, konfinamenduaren lehen asteetan eraikuntzaren sektorean izan zen etenaldiak lanen amaiera atzeratu egin zuen baina maiatzean egindako udalbatzarrean, Udal gobernu taldeak Zumarte Musika Eskolak 2020-21 ikasturtea eraikin berria estreinatuz hasiko duela aurreikusten du.
Itun baten bidez, uztailaren 17rako lanak amaitzea adostua du Udalak enpresa eraikitzailearekin. Lanak atzeratzen diren egun bakoitzeko 10.000 euro ordaindu beharko ditu enpresak. Koronabirusak eragiten ari den atzerapena dela-eta, Udalak adierazi du malgutasunez jokatuko duela.
Arg.: Noaua!