EAM: “Donostian zaborretara botatzen den hondakinen %80 birziklagarria da eta erraustegia elikatzeko baliatu nahi dute drama hau.”

EAM2020-1Donostiako eta Gipuzkoako agintariez (Eneko Goia Donostiako alkateaz, Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuaz eta Markel Olano Ahaldun Nagusiaz) mozorrotuta eta edukiontzi baten bueltan, Donostiako hondakinen kudeaketa kaxkarrak islatzen zituen zabor poltsez inguratuak parodia egin zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (Arg.: Errausketaren Aurkako Mugimendua).

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan eta testuinguru horretan Errausketaren Aurkako Mugimenduak Donostian ekintza bat burutu zuen. Hondakin gehien sortu eta gutxien birziklatzen duen Gipuzkoako udalerria erraustegia bere lurretan kokatua duen Donostia dela salatu zuen. Horretarako Donostiako udalaren atarian parodia bat egin zuen mugimenduko kideek. Hondakinen kudeaketarekiko arduragabetzat jo dituzte Donostiako nahiz Gipuzkoako agintariak, Zubieta gaineko azpiegitura salatzearekin batera.

Arg.: Noaua!

Adierazpena

Donostia izan da 2019an ere pertsonako zabor gehien sortu duen hiria Gipuzkoan, eta gutxien birziklatu duena

Donostiak jarraitzen du izaten Gipuzkoan pertsonako zabor gehien sortzen duen hiria, eta aldi berean, pertsonako gutxien birziklatzen duena. Zaborretara botatzen den hondakinen %80 birziklagarria da eta erraustegia elikatzeko baliatu nahi dute drama hau.

Ondoren emango ditugun datuak Gipuzkoako Foru Aldundiak berak argitaratu ditu, nahiz eta oso oharkabean pasatzen dituen. Errausketaren Aurkako Mugimenduak ordea uste du herritarrok jakin behar dugula zein den egoera, eta indarra jarri behar dugula hondakinak bereizten, mundu hobe bat eraikitzen. Horixe da koronabirusaren krisi honek agerian utzi digun ondorioetako bat, ezin dugula orain arteko bidetik jarraitu inguruak kutsatzen, gainera koronabirusa gisako birusak inguru kutsatuetan gehiago zabaltzen direla frogatu dute eta agintari arduragabeak klima aldaketa areagotzen ari dira.

Gipuzkoari dagozkion datu batzuk jakinarazi nahi ditugu hasteko. Gipuzkoan iaz 138.000 tona hondakin jaso ziren errefusa bailiran, eta hauetatik 110.000 tona birziklagarriak ziren, %80, ia guztia. Beraz, benetako errefus kopurua 28.000 tn izan zen, bildutako guztiaren %20 bakarrik. Etxean hondakinak ongi bereizten dituen edonork badaki zein errefus gutxi sortzen den, eta organikoa eta plastikoa dela gehien sortzen dena.

Donostian, errefusaren poltsan doan %80 birziklagarria da, eta hori drama bat da. Benetan salagarria agintarien arduragabekeria. Indarrak jarri behar dira herritarrak kontzientziatzen, formatzen, bideratzen etxean jendeak bere hondakinak bereizita bota ditzan.

Horrez gain, emaitzaren gordintasuna agerian uzten du organikoak edo bio-hondakinak. Hau da herritarrok gehien sortzen dugun hondakina eta bera da bereizita biltzeko garrantzitsuena, kopuruagatik eta nahastuz gero, beste hondakin frakzioen bereizketa izugarri zailtzen duelako. Gipuzkoan sortutako 63.000 tn organiko (guztiaren %53) errefusa bezala bildu zen nahasian, eta erdia baino gutxiago jaso zen bereizita, %47 zehatz esateko.

Bio-hondakina, paper-kartoia, ontzi arinak eta beira. Gaikako bilketa sistema guztietan, lau frakzio birziklagarri garrantzitsuenak diren horiek kontutan hartuta, errefusean nahastuta bildu ziren 94.480 tona aurrez aipatu ditugun organikoa, papera, ontzi arinak eta beira ziren. Errefusa balira bezala 94.480 tona iaz, errefusa bezala jaso zen guztiaren %68a, biztanleko 127,50 kilo.

Gaur hemen gaude, Eneko Goia alkate duen Donostiako udaletxe aurrean, salatu nahi dugulako Donostiak jarraitzen duela, askogatik gainera pertsonako zabor gehien sortzen eta pertsonako gutxien birziklatzen gipuzkoan. Lo-tsa-ga-rri-a. Non eta klima aldaketaren aurka dagoela esan eta erraustegi bat eraiki berri duen hirian. Ez da oso azkarra izan behar ulertzeko zergatik agintariek ez duten indarrik jartzen herritarrek hobeto bereiz ditzaten hondakinak.

Donostian gaika bildu zen hondakin guztien %42. Oso gutxi da. Aldi berean, errefusaren edukiontzietan bildu ziren 288 kilo pertsonako, Gipuzkoako bataz bestekoa gutxi gora behera horren erdia pasatxo denean, 186 kilo. Guztira errefusaren edukiontzietan bildu ziren 54.000 tona hondakin, Gipuzkoa guztiko %40, ia erdia, non eta Gipuzkoako herritarren laurdena bizi den hirian. Eta larriena da, horietatik gehiengoa hondakin organikoa izan dela, edukiontzi grisera nahasian botatzeko aukera librea dagoelako Donostia hiri eder galantean, konpostagarria den hondakin organikoa zabor bilakatuz.

Donostian, txipa jarrita daukaten edukiontzietan, pandemia garaietan organikoaren zorroak emateari ere utzi dion hirian, bereizita bildu zen organikoa huskeria izan zen: 31 kilo pertsonako. Herrialdean bataz beste bikoitza baino gehiago denean, 77 kilo, eta hala eta guztiz, sortutakoaren %47 bakarrik bildu zen.

Horrek esan nahi du, Eneko Goiaren Donostian biztanleko eta urteko 100 kilo organiko baino gehiago ari direla errefusaren edukiontzira botatzen. Errepikatuko dugu: Bataz beste 100 kilo organiko pertsona bakoitzak errefusaren edukiontzira. Kontutan hartuz gero batzuek fin biltzen dutela organikoa, kalkulatu nahi dutena egiten dutenak zertan ari diren. Beste datu bat: azken bost urtetan (2015-2019), Gipuzkoan bildutako hondakin organiko kopurua %40 igo da, eta Donostian %6 ziztrin bat besterik ez. Eta hemen egiten dituzte klima aldaketaren aurkako ekitaldi ponpoxoak.

Arduragabe ziniko hutsak zarete Eneko Goia, Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio. Begira diezaiegun Gipuzkoako mankomunitateen emaitzei. Bi abiadurako Gipuzkoaren argazkia ikusten da berehala: San Marko, Txingudi eta Debabarrena jendetsuenak, %50eko gaikako bilketaren inguruan dabiltza. Bertan dauden hiri eta herri batzuk aipatzearren: Donostia, Irun, Hondarribia Errenteria, Pasaia, Lasarte-Oria, Eibar… Mankomunitate horiek gaikako bilketaren %50ean dabiltza.

Txanponaren beste aldea, Debagoiena, Sasieta, Tolosaldea, Urola Kosta eta Urola Erdia mankomunitateetan daukagu, hondakinak %70 edo gehiago biltzen dituzte gaika. Herritar bakoitzak sortzen duen errefusa kopuruari erreparatzen badiogu, Debagoienan 86 kilo sortzen dituzte urtean pertsonako, eta, San Markon 232 kilo/pertsonako. Diferentzia itzela da, debagoiendar baten ia hirukoitza sortzen baitu sanmarkoar batek. Donostia hemen txapeldun tristea.

66 udalerri, 234.000 biztanle, Gipuzkoa guztiko %32a, hiri hondakinen %70 baino gehiago ari dira gaika biltzen. Guztiek daukate gaikako bilketa orokortua, gaika bereiztea betebeharra da herritar guztientzat. 59 udalerri, (hauen artean 1000 biztanle baino gutxiago dituzten 26 udalerri) urteko eta biztanleko 100 kilo errefusa baino gutxiago sortzen ari dira. Guztiek daukate gaikako bilketa orokortua, gaika bereiztea betebeharra da herritar guztientzat. Gipuzkoako 26 udalerri txikitan (19 Tolosaldean, 4 Urola Erdian, 2 Sasietan, 1 Debagoienan), ez da bio-hondakinik biltzen, herrian bertan konpostatuz kudeatzen dute.

Hala eta guztiz, aipatzekoa da azken hamarkadan hainbat udalerritan gaikako bilketa orokortu eta eraginkorrak ezartzearen poderioz, emaitzetan lortutako hobekuntza. 2009tik 2019ra, Gipuzkoan, bereziki udalerri horiei esker, errefusa kopurua 100.000 tn murriztu da, 238.000 tonatik 138.000 tonara, 329 kilo/pertsona izatetik, 186 kilo/pertsona izatera pasatu da.

2015-2019 legealdian udalerri guztiek ez dute berdin jokatu hiri hondakinen kudeaketari dagokionez. Garrantzitsuenen artean, Orereta salbu, besteak ez dira mugitu, hau da, bilketa sistema berdina mantendu dute eta kanpaina xumeren batzuk egitera mugatu dira. Noski, gaikako bilketa ez dute hobetu. Hauen artean, Donostia, Irun, Hondarribia eta Lasarte-Oria daude. Beste batzuetan, gobernuko alderdi politikoa aldatu dela eta, interes politikoak aurre jarriz, atez ateko gaikako bilketa sistemak kendu eta edukiontzi bidezkoetara itzuli dira. Astigarraga, Pasaia eta Lezo daude multzo honetan, eta guztietan gaikako bilketa jaitsi eta errefusa gehiago biltzen ari dira. Hirugarren multzo esanguratsua osatzen duten udalerrietan aldiz, edukiontzi bidezko borondatezko gaikako bilketa sistema utzi eta edukiontzi bidezko sistema orokortura pasatu dira, organikoa eta errefusaren edukiontziei txipa ezarriz. Hauen artean daude: Orereta, Eibar, Zarautz, Azpeitia, Andoain, Beasain, Zumarraga, Urretxu, Urnieta eta Mutriku. Hauetan hobetu egin dira emaitzak.

Gardentasunaren eta ekonomia zirkularraren mesedetan, beharrezkoa ikusten dugu, urtero, bilketaren emaitzen zenbakiekin batera, errefusa hondakinaren kalitatearen bilakaera markatuko duen karakterizazio bat egin eta horren emaitza argitaratzea. Zertan eta zenbat daukagun hobetzeko jakiteko, beharrezko datua baita. Eta noski, erraustegirik ez. Negozio pribatu kutsagarria delako, mila eta bat arrazoi daudelako aurka egoteko, tartean, alderdi errausleek ez dutela sekula serio birziklapena bultzako beren herrietan, halako enpresa multinazionalaren txontxongilo direlako eta erraustegiak beti jana behar duelako.

Guk argi diogu: erraustegirik ez. Eneko Goia, Markel Olano, Jose Ignacio Asensio, arduragabe ziniko hutsak zarete.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.