Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak elkarteak aurtengo Sagardo Eguna ez dela ospatuko jakinarazi zuen apirilaren 15ean kaleratutako ohar baten bidez. XXXIX. edizioa ospatzekoa zen aurten, baina koronabirusak eragindako egoeraren aurrean egoera zaila dela eta, antolatzaileek ez egitea erabaki zuten. Maiatzaren 24an, Sagardo Egunean, kalean ez dugu elkartzeko aukerarik izango eta beraz, etxean sagardoaz gozatzeko aukera aprobetxatu beharko dugu.
Maiatzaren 24an txotx egizu
Sagardoari eta sagardo ekoizleei gorazarre egiteko proposamen bat iritsi da Noaua!tik: “Maiatzaren 24an txotx egizu sagardo botila batekin eta sare sozialetan partekatu!”. Atera argazkia edo bideoa eta erabili #sagardoeguna eta #UsurbilgoSagardoEguna traolak.
Sagardoa eskuratzeko aukera ugari
Noaua! astekariak herriko sagardoa eskuratzeko informazioa plazaratu du. Herriko dendetan edota Alkartasuna kooperatiban eskura daitezke sagardo botilak. Azken honetan Aginaga, Aialde Berri, Arratzain, Astiazaran, Saizar eta Urdairako sagardo botilak dituzte salgai.
Beste aukera bat ere badago sagardo botilak erosteko, zuzenean sagardotegiei erostea: “6.000 biztanle ditu Usurbilek. Maiatzaren 24rako dozena bat botila erosiko balira biztanleko, bultzadatxo polita emango litzaieke sagardotegiei eta herriko saltokiei. Ez utzi azken ordurako eta eskura ezazu herriko sagardoa”.