Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra hil da

Zumeta3

Jose Luis Zumeta (Usurbil, Gipuzkoa, 1939) margolari usurbildarra hil egin da, 81 urte zituela. Informazio iturrien arabera, bere alabak topatu du hilik, Donostiako Gros auzoan zuen etxean. Atzoko bazkaria jaso ez zuela ikustean bertaratu da eta gorpua aurkitu du.  1960ko hamarkadaz geroztik, euskal artista nagusietako bat izan zen eta ordutik ibilbide luzea eta oparoa izan zuen margogintzan: informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa landu izan zituen, eta abstrakzioaren bidetik jarraitu zuen azken urteetan. Euskal artistarik esanguratsuenetariko bat joan zaigu.

Ikasketak

Fraideen kolegioan egin zituen lehen ikasketak, eta han erakutsi ere marrazkigintzarako zuen trebetasuna. Orduan beste asko bezala, lanean hasi behar izan zuen hamalau urterekin. Fraideen eskutik Gráficas Valverde lantegian hasi zen marrazkilari eta lantegi hartan, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan eta Gipuzkoako Artisten Elkartean eman zituen marrazkigintzako eta pinturako lehen urratsak.

Espainiako urrezko domina

1958an, 19 urte zituela, Espainiako urrezko domina lortu zuen Madrilen, Pintura Joven lehiaketan. Ondoren, etorkizuna garbi ikusi ezinda, lehenbailehen soldadutza egin zuen (boluntario); eta, erbestera joatea erabakirik, 1959aren azkenaldean Parisera joan zen, Ascensio Martiarena margolariarekin ikasten ibili eta gero.

Paris

Parisen, Rafael Ruiz Balerdirekin bizi izan zen garaian, Ameriketako abstrakzioa eta Europako abangoardiako joerak ezagutu zituen. Parisen ezagutu zituen hurbilagotik Mantegna, Rembrandt eta beste zenbait klasikoren obrak, eta baita ere hurbilagoko iruditu zitzaizkion margolarien lanak ere: Cézanne, Paul Klee, Picasso, Tàpies, Van Velde, Gorky, Pollock, Jorn, Appel. Oro har, abangoardisten aitzindarienak ere.

Hondarribia

1960an itzuli eta Hondarribian jarri zen lanean, Remigio Mendiburu eskultorearekin; garai hartan espresionismoa landu zuen, kolore puruak erabiliz. 1960an lehen talde-erakusketa eta 1961ean lehen bakarkakoa egin zituen; geroztik erakusketa askotan parte hartu zuen.

Gaur taldea

LIBURUXKA2016-13Argazkian: Jose Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, (Puig), Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga eta Amable Arias.

Stockholm eta Londresen lan egin zuen 1962-1963 bitartean. 1964an Euskal Herrira itzuli zen. 1966an Gaur taldearen (Jorge Oteiza buru zuen talde abangoardista) sorreran parte hartu zuen, eta Zumetaren lanak abstrakziora jo zuen, kolore biziekin batera, ñabardura zehatzak eratuz. Gaur taldearekin Donostian (Barandiaran galerian), Bilbon (Arte Ederretako Museoan) eta Gasteizen (Fernando Amaika Museoan) egin zituen erakusketak. Aurrerantzean ere, 1960ko hamarraldia bitartean, bat-batean eta barruaren eraginera pintatu izan zuen; kolore biziekin eta ohiko ez diren kontrasteak eratuz.

Homenaje al Guernica de Pablo Picasso

Zumeta1

1967 ingurutik aurrera, ordea —Homenaje al Guernica de Pablo Picasso koadroagatik Euskal Herriko Pinturako lehenengo saria irabazi zuen urtea—, pintura eta eskultura uztartu beharrez edo, ordu arteko Euskal Herriko pintura formalistan inoiz erabili ez ziren materialez eta kolore konbinaketaz eratuak dira aldi horretako obrak: zerrenda gorri, berde, zuri eta horiz margotutako zur erliebedunak, besteak beste.

zeramikazko erliebe handiak

Bere lanen artean aipatzekoak dira Usurbilgo pilotalekuaren atzean (145 m2) eta Pasaiako portuan 1973-1976 bitartean egin zituen zeramikazko erliebe handiak.  Hainbat erakusketa eta aste kulturaletan parte hartu ere egin zuen aldi berean (1970-1975). Mexikon, New Yorken, Madrilgo Ateneoan eta Durán galerian, Bilboko Mikeldi galerian eta Gasteizko Eder Arte galerian egindako erakusketak dira aipagarrienak. Aste kulturaletan, berriz, 1971tik 1973a bitartean parte hartu zuen.

Zumeta4Usurbilgo murala

Zumeta 6Pasaiako murala

1979-1980ko urteetara iristean ere (Abuelos y nietos en la costa), bada, aldi horrek ere eman zuela ematekoa iruditu zitzaion nonbait, eta bidegurutze larri baten aurrean aurkitu zen. Ez zen kultura berrikuntza informalismoarekiko leialtasunean oinarritu zuen batentzat barruak eskatzen zionera aldatzea urradurarik gabe gertatzekoa.

1984-1985 urteetan, ahalik bizkorrena margotzearren tenperaz eta enbalatzeko kartoietan egiten zituen Papiroak saileko koadroak, eta leku eskasiaz, batzuk besteekin konparatu gabe biltzen, egin ondoren. Ordu arteko eta ondorengo koadroek ez bezala, titulua ere badute obra horiek: Paseo cotidiano del hombre con paraguas, Nació con el pan bajo el brazo, …

Jose Luis ZUMETA

1985etik aurrera, teknika eta modu berrien bila abiatu zen. Tenperak eskaintzen zion aisetasun hura olioak eskaini ote ziezaiokeen probatu nahi zuen: “Olioz pintatzeko, denbora geldiarazi behar izan dut, modu berrietara moldatu, mantsoago eta bizi arnasa gutxiagoz ari. Barruak, ordea, borondateak eta ahaleginak parterik izan gabe, bat-batean eta denboratik at, gauzak ager daitezela eskatzen dit. Horretara ahalik gehiena hurbildu nahirik eta mirari hori nola gauzatuko nabil”. 1990etik 1992ra asko pentsatu gabe bat-batean sortutako lanak egin zituen

Bi urte lanik erakutsi gabe eman ondoren, 2000. urtean erakusketa bat ireki zuen Bilboko Uribitarte kaiko biltegi frankoan. Erdi abandonatutako eraikin horretan formatu handiko 50 lan aurkeztu zituen. Lehendik ere, prestatuak zituen erakusketak Zumetak espazio hain handitan, Donostiako San Telmon edo Bilboko Arte Ederretako Museoan, esaterako. Erakusketa hartan 1999an egindako Gernika lana aurkeztu zuen, Picassoren izen bereko margolanean oinarritutako 7,80 metro zabal eta 3,59 metro luze dituen obra erraldoia, bere gainerako lanak baino figuratiboagoa, horretan ere kolore biziak -batez ere gorria- nagusi zirela. 2000. urtean bertan Donostiako San Martin Azokan ere izan zituen bere lanak ikusgai, eta 2001. urtean Donostiako Musika Hamabostaldiko kartela egin zuen.

Izenik gabe 200 x 133 dokumetala

Duela urte batzuk, Enara Goikoetxeak eta Monika Zumeta margolariaren alabak, Jose Luis Zumeta margolari usurbildarraren sorkuntza lanari buruzko film dokumentala egin zuten. Bertan margolariak nola lan egiten zuen azaltzen da. Desorduetan egiten zuen lan bere tailerrean, Nafarroako Arribe herriko antzinako autobus garajean. Dokumentalean, 200 x 133 tamainako bi margolanekin ari da lanean, Donostiako suhiltzaileen parkea izandako eraikinean egingo zuen erakusketarako. Bi margolan horiek sortzeko prozesua da dokumental honen muina.

Lehenengo aldiz, eta kameraren aurrean, bere barneko sortze-prozesua azalduko zituen margolariak dokumental honetan. Zumetak mihisea egiten duenean hasten da dokumentala, obren garapenarekin jarraitzen du eta artelanen erakusketarekin amaitzen da.

Usurbilgo estudioa

Zumetatarren lantoki kuttuna Usurbilgo Txikierdi auzoan aurkitzen da, errepide nagusitik aldapan gora joanda. Hiru kubok osatzen dute Uxoa Zumetaren serigrafia tailerra, Jose Luis Zumeta margolariaren estudioa eta goialdean prestatu duten galeria. Aitaren aspaldiko proiektua zen hau eta Uxoa alabak gauzatu zuen. Aurrez, Atallun (Nafarroa) jardun zuen lanean urte luzez, han izan baitzuen estudioa, eta han margotu zituen bere lanetako asko eta asko.

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea

“Galera handia izan da: tristura handia eragin du herrian. Kolpe gogorra jaso dugu gaur usurbildarrok, Euskal Herriak eta, oro har, kulturak Jose Luis Zumetaren heriotzarekin. Arte garaikidearen ikur, artista bizi eta emankorra izan da Zumeta. Gure herriaren imaginario kolektiboan ezinbesteko erreferentzia. Mila esker!”

Informazio gehiago

One thought on “Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra hil da

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.