Asteburu honetan, ordu aldaketa dator. Igande goizaldeko (martxoak 29) ordubietan ordulariak aurreratu behar dira eta hirurak izango dira. Ordubete gutxiago edukiko dugu lo egiteko baina koronabirusaren eraginez konfinamenduan egonda hori gutxienekoa da ezta? Ordu aldaketarekin, argitasun tartea handitzen joango da egunez egun eta gauak laburtzen joango dira.
Urtean bitan aldatzen dira erlojuak: martxo amaieran, eta urri amaieran. Eztabaida dezente egon da azken urteetan, ordu aldaketen aldekoen eta kontrakoen artean. Europako Komisioak proposatu zuen 2019an aldatzea orduak azkenekoz, baina atzeratu egin da erabakia, eta aurten ere ordulariak aurreratu eta atzeratu egin beharko ditugu. Bitartean, estatuek Europarekin negoziatu beharko dute, eta erabaki, neguko ordutegia ala udakoa, zein aukeratuko duten behin betiko ezarrita gelditu dadin.