Koronabirusak eragindako itxialdiari aurre egiteko, DYAk laguntza sare propioa antolatu du. 24 orduko zerbitzua dauka martxan. Horrela izanik, edozein unetan deitu daiteke 943 46 46 22 zenbakira eta norberak duen beharraren berri eman. Hortik aurrera, DYAko boluntario sarea arduratuko da behar horri erantzuna emateaz, beharrezko diren neurriak hartuta beti ere.
DYA: “Usurbilgo herri sarearekin ez gaude koordinatuta. Sare hori, oker ez bagaude, Udalaren bidez ari da antolatzen. Gu momentuz ez gaude sare horrekin harremanetan, beharrik sortu ez delako momentuz, baina gure errekurtsoak herriaren eskura jarriak daude, edozertarako. DYAren proiektua, bere sorreratik, “Gelditu eta Lagundu” lelopean mugitu da. Eta orain lelo hori apur bat aldatu egin dugu eta Gelditu eta Lagunduko dizugu deitu diogu. Orain arte bezala, edozertarako gaude; erosketak egin eta etxera eramateko, botikak helarazteko, egunkaria eramateko, berriketaldi bat izateko telefonoz bakardadean daudenekin, informazioa emateko, zalantzak argitzeko… Edozertarako!”
#GeldituEtaLagundukoDizugu
Gauzak errazteko, DYA Gipuzkoak eskura jarri ditu beharrezkoak diren errekurtsoak eta pertsonak, ongi prestatutako eta koordinatutako boluntarioak, ahalik eta hobekien lagundu ahal izateko premiazkoak eta oinarrizkoak diren behar horiekin.
Laguntza behar duenari Gizarte Segurantzako txartela eta NANa hartuko diote eta behar duen medikazioa etxera eraman, elikagaiak helarazi edo bestelako gestioak* egiten lagundu, arriskutsua izan daitekeena. Arrisku horiek guztiak ekiditea da DYA Gipuzkoaren helburua.
Laguntza jasotzeko 943 46 46 22 telefonora deitu behar da. Zerbitzua egunero eta edozein ordutan dago martxan.
* Osasun arloko gaien eskumena Osakidetzarena da. Ulertzekoa den moduan DYAren errekurtso guztiak Osakidetzari eskainiak daude eta hauek hala eskatuz gero berehala jarriko dira zerbitzuan.