Usurbilgo Sutegi liburutegia itxita dago Koronabirusaren ondorioz baina itxita egon arren ‘eLiburutegia’ zerbitzua (liburu digitalak eta filmak) eskuragarri dagoela jakinarazi du. Era berean liburutegiarekin harremanetan jartzeko hainbat bide daudela gogorazi du liburutegiak:
- Telefenoa: 943 360 692
- Whatsapp: 688 625 477
- Posta elektronikoa: biblioteka@usurbil.eus
- Facebook: @sutegi05
- Instagram: @sutegi05
- Twitter: @usurbib
Zer da eLiburutegia?
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen liburutegiek eskaintzen duen zerbitzua da. Hain zuzen plataforma bat da Interneten bidez eduki digitalen irakurketa errazten duena. Irakurketa hori streaming bidez, ordenagailuaren bitartez edo gailu mugikorrak direla medio burutu daiteke. Zerbitzu horretara sartzeko gogoratu helbide elektroniko hau: www.eliburutegia.euskadi.eus.
Zer aurkituko duzu eLiburutegian?
Formatu digitalean irakurtzeko aukera, eta filmak eta ikus-entzunezkoak online ikusteko aukera ere. Horrela, azken nobedadeak, literaturako klasikoak, filmak, ikus-entzunezkoak eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek egindako hautaketa zabal bat eskuratzeko aukera izango duzu.Erosketa-proposamenak aurkezteko aukera izango duzue ere, eta eduki digitalean daudela egiaztatu ondoren eLiburutegian sartuko ditugu. Zuen e-posta elektronikoaren helbidea bidaltzen baduzue, proposatutakoa eskuragarri dagoenean abisatu egingo dizuete.
Baldintzak
- Sareko liburutegi bateko bazkide izatea. Gogoratu, oraindik ere bazkide txartela ez baduzu, eska ezazu hurbilen duzun liburutegi publikoan.
- Internet-konexioa.
- Gailu bateragarria eta Interneterako sarrera izatea.
Informazio gehiago
Lehenik eta behin, mila esker eLiburutegiaren zerbitzuaren berri emateagatik.
Jakizue, Sutegi Liburutegia itxita egon arren, astelehenetik ostiralera (San Jose zubian izan ezik), goizeko 9etatik 14etara, goian aipatu diren aukeren bidez gurekin harremanetan jar zaitezketela (barruan ari baikara lanean); gustura lagunduko dizuegu eLiburutegia erabiltzeko izan ditzakezuen beharrak eta zalantzak argitzen.
Izan ere, liburutegi digitala (eLiburutegia) erabili ahal izateko, liburutegiko txartel zenbakia eta pasahitza beharko dituzue, eta azken hau ez badakizue, liburuzainekin harremanetan jarriz bakarrik lortu ahal izango duzue. Bestalde, pelikulak ikusteko, zuen helbide elektronikoa ere aktibatu beharko genuke Liburutegiko programan.
Beraz, esandakoa, edozer behar duzuelarik ere, jakin Liburutegian gaudela zuei laguntzeko prest…telemeatikoki, noski!!!
Eutsi goiari!!!