Usurbilgo Prebentzio Mahaiak erabakita, konfinamenduaren aginduaren ostean, Usurbilgo Udalak jakinarazi du Udalaren jarduna gutxieneko zerbitzuetara jaitsi dela astelehenetik (martxoak 16) aurrera. Helburua Covid19 birusaren kutsatze-arriskua gutxitzea da, eta beraz, ahalik eta udal-langile gehienek etxetik lan egitea erabaki dute. Hori posible izateko baliabide teknikoak prestatzen hasi da Udala. Datozen egunetan, fisikoki udaletxean egotea beharrezkoa den langileak baino ez dira izango bertan.
Gutxieneko jardunak
- Harrera fisikoa: aurrez aurreko harrera astelehenean itxi zen eta hemendik aurrera, kontrako aginduren bat iritsi arte, telefono bidez egingo da, 09:00etatik 14:00etara (Gipuzkoako Foru Aldundiak ordutegiak murrizteko hartutako erabakiari jarraituz). Telefono zenbakia: 943 371 951
- Udal batzordeak eta plenoak: bertan behera gelditu dira ezinbestean hartu beharreko erabakirik ez dagoen bitartean.
- Udal-brigada: bitan banatuko dute taldea, egun alternoetan lan egiteko. Egunero egin beharreko lanak egiten jarraituko dute (uraren kontrola), eta gainerakoen kasuan, lehentasunen arabera joango dira egiten.
- Udaltzaingoa: ohiko jardunari eutsiko dio. Telefono zenbakia: 943 361 112
- Gizarte zerbitzuak: kasu larririk ez bada, telefonoz egingo dituzte kontsulta guztiak, lehengo astean hasitako dinamikari jarraituz. Telefono zenbakia: 943 377 110
Prozesu administratiboak eten dira
Alarma egoera dekretatzearen ondorioz, prozesu administratibo guztiak etenda gelditu dira, eta beraz irekita dauden prozedurak ez dira iraungiko. Alarma egoera bukatzen denean berriz jarriko dira martxan.
Bi lan eskaintzak eten dira
Usurbilgo Udalaren kasuan, bi lan eskaintza zeuden indarrean: liburuzain laguntzailearena eta udal-brigadako langileen lan-poltsarena. Biak etenda geratu dira
Bandoa
Udalak bigarren bandoa kaleratu du: Herritarren Babes Sarea, harrera fisikoaren itxiera eta auzo-konpostaren aldaketak herritarrei jakinarazteko.
Auzo-konposta
Udal-brigadak hartuko du egituratzailearen bila joateko eta konposta husteko ardura. Datozen egunetan, auzo-konposta egin beharrean organikoa zintzilikarioan utzi nahiago dutenek, aukera hori baliatu dezakete.