Arg.: Usurbilgo Udala
Gaur goizean (martxoak 16) herriko saltzaileak frontoian elkartu dira, borobilean eta elkarren arteko segurtasun tartea bermatu dute. Bertan, Hurbilago Usurbilgo ostalaritza eta merkatarien elkarteko kideek koronabirusaren aurrean zer nolako neurriak hartu behar diren erabaki dute.
Gaurtik aurrera, herriko dendak zabalik egongo dira. Baina hala ere, prebentzio neurriak hartu beharko dira beharrezko erosketa edo gestioak egiterakoan.
Guztiek kartelak jarri dituzte euren saltokietako atarietan, bezeroek jarraitu beharreko gomendioak zeintzuk diren azalduz. Era berean saltokietako atarietako sarreran desinfektatzeko produktuak eta 1,5 metroko distantzia errespetatzeko seinaleak jarriko dituzte. Udalak jakinarazi duen moduan, udal brigadako bi langile bideratu dira zeregin horretara, astelehenean goizean goizetik hasita.
Saltokietako kartela
“Saltoki honetako langile garen aldetik, honakoa eskatu nahi dizuegu:
- Bakarka etor zaitezten erosketak egitera.
- Kolektibo zaurgarrienetako kideak etortzea saihets dezazuen.
- Ez zaitezten haurrekin etorri erosketak egitera.
- Eskuak garbi ditzazuen etorri aurretik.
- Gainontzeko erosleekiko eta gurekiko 1,5 metroko distantzia utz dezazuen.
- Eztula eginez gero, ukondoarekin estal zaitezten.
- Txartelarekin ordain dezazuen, diruarekin beharrean, kutxazain dagoenarekiko kontaktua murrizteko.
Gogoan izan guk ezin dugula etxean gelditu, herritarrak hornitu behar ditugulako. Lagun iezaiguzu gure lana ahalik eta ondoen egiten, gure osasuna ere kontuan hartuz. Eskerrik asko!
Erosketak egiteko laguntza behar baduzu, edo beste norbaitek behar duela uste baduzu, deitu herritarren babes sareari: 688 634 512″.
Informazio gehiago