Alarma egoera arautzen duen errege dekretua indarrean jarri da estatu osoan

sirena

Atzo iluntzean, Pedro Sanchez, Espainiako presidenteak, martxoaren 14tik hamabost egunez, estatu osoan, Euskal Herrian ere, alarma egoera arautzen duen errege dekretua indarrean jarri dela jakinarazi zuen. Euskal Autonomi Erkidegoan orain arte hartu dituzten neurriek indarrean jarraituko dute, dekretu honekin kontraesanean ez dauden bitartean. Dekretu honek, besteak beste, mugatzen du zertarako atera daitezkeen pertsonak kalera, galerazten du oinarrizkotzat jotzen ez dituen dendak irekitzea eta etenda uzten ditu jaiak eta kultur zerbitzuak. Era berean, Espainiako ministroen agindu zuzenen jartzen ditu ertzainak eta Hego Euskal Herriko medikuak.

Beraz, herritarrek honetarako soilik atera ahalko dute etxetik: elikagaiak, botikak eta oinarrizko beharrak asetzeko produktuak erosteko; erietxera joateko; lantokira joateko; etxera itzultzeko; zaintza lanak egiteko; bankura joateko. Kotxea erabili ahal izango da aipatutako kasu hauetarako eta erregaia botatzera joateko. Barne ministroak errepideak itxi ahal izango ditu, osasun publikorako motiboengatik.

Dendak

Dendek eta lokalek ezingo dituzte ateak ireki. Baina mota honetako dendek bai zabaldu ahal izango dutela:

  • Elikagai eta edaridendak.
  • Oinarrizko produktuen dendak.
  • Farmaziak.
  • Optikak eta ortopediak.
  • Garbitasun produktu dendak.
  • Ileapaindegiak.
  • Prentsa eta paperdendak.
  • Gasolindegiak.
  • Estankoak
  • Teknologia eta telekomunikazio dendak.
  • Etxeko abereentzat elikagai dendak.
  • Internet-telefono zein posta bidezko dendak.
  • Tintategiak eta garbiketa dendak.

Erosleek erosketak egiteko beharrezko den denbora soilik eman ahal izango dute dendetan, eta ezingo da bertan ezer kontsumitu. Jende pilaketak saihestuko dira eta zainduko da erosle eta saltzaileen artean metro bateko segurtasun distantzia egon dadin.

Aisialdia

Etenda utzi ditu dekretuak herrietako festak, berbenak eta desfileak. Ezingo dituzte ateak ireki beste kultur azpiegitura hauek: museo, artxibo, liburutegi, monumento, eta ekitaldiak egiten diren aretoak. Kirol ekintzak ere etenda utzi ditu dekretuak. Taberna eta jatetxeek ere ezingo dute zerbitzurik eman, etxeetara eramatea salbu.

Medikuak eta baliabide teknikoak

Espainiako estatuko mediku eta baliabide teknikoak birbanatu ahal izango dira. Militarren osasun zentro eta medikuek ere parte hartuko dute osasun sisteman. Klinika eta zerbitzu pribatuei buruzko erabakiak ere hartu ahal izango ditu Osasun ministroak eta hauek aldi baterako okupatu ere bai.

Eskuduntzen hierarkia

Alarma egoeran, eskuduntza Espainiako Gobernuarena dela dio dekretuak. Presidentea da zuzendari nagusia, eta maila bat beherago autoritatea dutenak dira sailburu hauek, bakoitzak bere alorrean:

  • Defentsa ministroa.
  • Barne ministroa.
  • Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren ministroa.
  • Osasun ministroa.

Sail hauetatik kanpoko gaietan, eskuduntza Osasun ministroarena izango da. Alarma egoerak dirauen bitartean, Egoeraren Komitea martxan egongo da, Gobernuari laguntzeko.

Dekretuaren 6. puntuak dio administrazio bakoitzak bere eskuduntzak izaten jarraituko duela bere zerbitzuen eguneroko kudeaketa egiteko eta bakoitzak bere neurriak hartu ahal izango dituela, beti ere goian aipatutako Espainiako ministroek beren agindu zuzenen bidez eraikitzen duten markoaren barruan.

Ertzainak eta udaltzainak

Errege dekretuak 5. artikuluko lehen puntuan arautzen duenez, Barne ministroaren zuzeneko aginduen menpeko dira Espainiako Segurtasun Indarrak, autonomia erkidegoetako poliziak, eta udaletako poliziak. Hauen guztien funtzioa izango da, dekretuaren arabera, “pertsonak, ondasunak eta lekuak babestea”, eta posible izango da mota guzti hauetako poliziei “zerbitzu bereziak ezartzea, bai iraupenagatik edo izaeragatik”.

Poliziek bermatuko dute eta eragotziko dute dekretu honek eten dituen zerbitzu eta jarduerak ez direla egiten. Dekretuaren arabera, herritarren betebeharra da “kolaboratzea eta ez trabatzea” polizien lan hau. Dekretuak ezarritako neurriak betearazteko Indar Armatuen erabilerara ere jo ahalko du Gobernuak eta funtzio hauetan ari diren bitartean, Indar Armatuen izaera “autoritate agenteena” izango da.

Hauek dira alorrez alor dekretuak zehaztutako beste neurri batzuk:

Aldi baterako errekisatzea eta derrigorrezko prestazioak

Dekretuak zortzigarren artikuluan dioenez, mota guztietako ondasunak errekisatu ahal izango dira aldi baterako, batez ere “segurtasun zerbitzuak emateko edo oinarrizko operadore kritikoei zerbitzu emateko”. Errege dekretuak ezarritako helburuak lortzeko “ezinbesteko denean, prestazio pertsonalak eginarazi ahalko dira”. Osasun ministroak okupatu ahal izango ditu aldi baterako industriak, fabrikak, tailerrak eta edozein motako lokalak.

Hezkuntzak klaserik ez, ordenagailu bidezko eskolak

Ikastetxe guztietako ziklo guztietan ez da klaserik emango, ezta unibertsitatean ere. Internet sare bidez egingo da irakaskuntza. Dekretuak ez du zehazten irakasleek ikastetxera joan behar duten edo etxetik lan egin.

Hedabideek administrazioen mezuak sartu beharra

Jabetza molde guztietako hedabideek sartu beharko dituzte ezinbestean autoritate konpetenteek igortzea beharrezko ikusten duten “mezu, iragargi eta komunikazioak”. Udalei eta erkidegoei ere ematen die ahal hau dekretuak.

Erlijio egoitzak eta ekitaldiak egokitu beharra

Erlijio egoitzetara joan ahal izatea eta era guztietako ekitaldi erlijiosoak egitea, baita hiletak ere, baldintzatuta geratuko da, pertsonen artean metro bateko distantzia bermatu ahal izateko moduan.

Garraio publikoa

Bai errepidez, airez, tren-karriletan eta itsasoz burutzen diren garraio publikoetan, jarduera esku pribatuetan badago, txartelen salmenta gutxienez erdira murriztu beharko dute konpainiek. Distantzia laburretan dabiltzan trenek beren zerbitzuak mantenduko dituzte. Baina beren ohiko eskaintzari eutsiko diote eskuduntza udalena edo erkidegoena denean eta kontratu publiko bidez kudeatzen diren garraio publikoen kasuetan.

“Salbuespeneko egoeraren aurrean, oinarrizko eskubide bakar bat ere urratu gabe”

Errege dekretuak sarreran dio neurri hauek hartu dituztela herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko, gaixotasunaren bilakaerari eusteko eta osasun sistema publikoa indartzeko. Egoera “larri eta salbuespenezko” moduan definitzen du eta dio hartu diren neurri hauek ezinbestekoak direla egoerari aurre egiteko, proportzionatuak direla egoeraren muturreko larritasunarekiko eta ez dakartzatela oinarrizko eskubide bakar bat ere etetea, Espainiako Konstituzioaren 55. artikuluak aipatzen duen bezala.

116.2 artikulua

4/1982 ekainaren 1eko Lege Organikoaren 116.2 artikulua aplikatu du Espainiako Gobernuak, zeinak arautzen baituen “alarma egoera deklaratzea estatu osoan edo zati batean, normaltasuna larriki alteratzen duten osasun krisiak gertatzen direnean”.

Informazio gehiago

Alarma Egoera arautzen duen errege dekretua osorik, martxoaren 14an Estatuko Buletin Ofizialean argitaratua: BOE-A-2020-3692

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.