Usurbilgo Aitzaga Elkarteak bere bazkide zein talde politiko zein eragile guztiei elkartearen erabilpenik ez egiteko oharra kaleratu du. Beraz, Aitzaga Elkartea ezingo da erabili Koronabirusak eragindako ondoriok aldatzen ez diren bitartean.
Aitzaga Elkartea
“Salbuespenezko egoeran gaudela ulertuta, astelehenean bertan EH Bilduk erantzukizunez jokatzeko eskatu bazien Euskal Herriko eragile politiko eta instituzionalei, guri ere badagokio eskaera horrekin koherentziaz jokatzea. Lasaitasunetik eta arduraz, badugu herri honekiko eginbehar politiko, kolektibo eta pertsonala; prebentzio ikuspegi batetik, gure ohiko jarduerarekin nahigabe gaixotasuna gehiago ez zabaltzen laguntzea dagokigu.
Beraz, Covid-19 korona birusari aurre egin eta herritarrak, eta nola ez, bazkideak babesteko asmoz, guztiok Euskal Herri mailan hartutako erabakiak jarraituz eta Udalaren gomendioak kontutan hartuta, elkartea ixtea erabaki dugu salbuespeneko egoera honi aurre egiteko. Era berean, elkartearen erabilpenik ez egiteko komunikatzen zaie bazkide zein talde politiko zein eragile guztiei.
Jardun hau kolektiboa bezain pertsonala izango da. Auzolanaren bitartez herri gisa ematen dugun erantzunaren arabera lortuko dugu gaixotasunaren hedapena mugatzea. Norbere zaintzatik abiatuta, kolektiboaren zaintza bermatzea Aitzagako kide bakoitzaren zeregina da. Zentzuzkoa da beraz, barne mailan, guztiok zuhurtziaz aritzea eta arriskuaren aurrean, prebentziorako neurri zorrotzak hartzea. Mila esker zure kolaborazioagatik”.