Arg.: Usurbilgo Udala
Covid19 birusa dela eta, Usurbilgo Udalak prebentziorako hainbat neurri hartu ditu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak aginduta, EAEko ikastetxe guztien itxiera gauzatu da gaur (martxoak 13) eta horren egoeraren ondorioz, Udalak udal-zerbitzu guztiak itxi ditu, udaletxea salbu, aldi baterako, kontrako gomendio edo irizpideak jaso bitartean:
- Kiroldegia.
- Potxoenea.
- Liburutegia.
- Eguneko arreta zerbitzua.
- Harane futbol zelaia.
- Kzgunea.
- AEK euskaltegia.
- Gaztelekua.
- Ludotekak.
- Yogako lokala
- Artzabal, Santuenea eta Aginagako adinekoen egoitzak.
Arg.: Usurbilgo Udala
Ekitaldi guztiak bertan behera
Hilabete bukaera arte zuzenean edo zeharka, hainbat ekitaldi zeuden antolatuta herrian eta guztiak bertan behera geratu dira: “Horrek guztiak martxoaren amaieran jartzen du arreta: orduan baloratu beharko da momentuko egoera zein den, eta apirileko ekitaldiekin zer gertatuko den”.
- 16. Soinurbil Musika Astea.
- Maider Usabiagaren Alpeetako bidaiaren kontakizun saioa.
- Usurbilgo Emakumeen Etxearen aurkezpen saioa.
- Dantza Eguna.
- Usurbil F.T.-k entrenamendu eta ekimen guztiak.
- Usurbil K.E.-ren entrenamendu eta partidak.
- Eskola-kirola (Zirimara egitasmoa) eta federaturiko taldeen hitzorduak.
- Anerreka Ingurumen Elkarteak larunbaterako frontoian antolatua zuen erreusaren karakterizazio ekitaldia.
- Noaua! Kultur Elkarteak antolatua zuen Laburbira.
- Sagarrondotik Sagardora ikastaroko larunbateko saioa.
- Hitz Ahoren “Emozioak familian, helduen eta haurren emozioak” hitzaldia.
- Usurbilgo Larrialdi Mahaiaren Sutegiko asanblada.
- Iñorkiñak taldearenTxokoaldeko bideoklip grabazioa.
- Munduko dantzen Sutegiko erakustaldia.
- Gure Pake Elkarteak antoatuta, Avila eta Segoviara joateko hiru eguneko bidaia.
Taxi Busa martxan
Udalaren eskumenekoa ez denez, Taxi Busak zerbitzua normal eskainiko du, oraingoz.
Herritarrekin bilera
Usurbilgo Udalak herritarrekin hainbat bilera egin ditu: jubilatu elkarteekin eta horien tabernak kudeatzen dituzten langileekin, hezkuntza komunitatearekin, eta kirol eta kultur taldeekin. Ezer publiko egin baino lehen herritarrekin aurrez aurre biltzeari garrantzia eman dio udal-gobernuak.
Bandoa
Udalak bandoa zabaldu du gaur erabaki hauen berri emateko. Udaletxea ez da itxiko, eta gaur goizean bildu da berriz ere Prebentzio Mahaia, neurri horiek udal-langileei eta jardunari nola eragingo dien aztertzeko. Printzipioz, ohiko funtzionamenduari heltzea erabaki da, bestelako agindurik iristen ez bada. Herritarrei harrera ohi bezala egingo zaie. Bilera, batzorde eta osoko bilkurak, printzipioz, normal egitea erabaki dute.
Gizarte zerbitzuetan, lehendik hitzartuak zituztenak telefonoz egiten saiatuko dira; gizarte langilee etxeetara egiten dituzten bisitak, ezinbestekoak ez badira, datorren astean edo hurrengoan egingo dituzte.
Gainerakoan, telelana posible izateko lanean ari da udala, momentuz, lehentasunezkotzat jo diren postuekin: “Kontziliazio arazoak sor daitezke, eta kontziliazioa errazteko helburua du udal-gobernuak: kasuan kasu zer egin daitekeen aztertuko dugu”.
Langileen komitearekin ere bildu dira, azken orduetako neurrien berri emateko.
Arg.: Usurbilgo Udala
Hori guztia hala izanik ere, lasaitasunerako deia egin du udalak, eta Osakidetzak higienerako emandako irizpideak modu aktiboan jarraitzeko eskatu die herritarrei. Neurri gogorrak diren arren, erabaki guztiek prebentzioa helburu dutela nabarmendu du udal-gobernuak.
Arg.: Noaua!
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo Alkatea
twitter.com/AgurtzaneSola: “Koronabirusari aurre egiteko Udalak hainbat neurri hartu ditu, eta neurri horiek guztiak herriko eragileekin partekatu ditugu: jubilatuekin, hezkuntza komunitatearekin eta kirol, kultur eta gainerako taldeekin. Eskerrik asko herriko taldeei, egoera zail honetan bat egin eta erantzukizunez jokatzeagatik. Bestalde, zaintzari lehentasuna emanez, kontziliazio arazoak dituzten udal langileei nola lagundu aztertuko dugu, kasuz kasu”.
Informazio gehago: www.usurbil.eus