Usurbilgo Udalak Covid-19 birusa dela eta, Osakidetzak emandako aholkuak jarraitzera deitu ditu herritarrak. Prebentzio Mahaia osatu du, hainbat departamendutako arduradunak elkartuta. Osakidetzaren aholkuak jarraitu ahal izateko baliabideak lortzeko lanean ari da. Usurbilgo Udalak dei egin die herritarrei Osakidetzak higienerako emandako aholkuei jarraitzera, erantzukizunez jokatzera, eta, horrez gain, irizpide horiek bete ahal izateko baliabideak prestatzeko lanean ari da. Udal-eraikinen garbitasuna indartuko du.
Bost gomendio
Bost dira higiene indibidualerako eman dituzten gomendioak:
- Eskuak maiz garbitzea.
- Eztula edo doministikua egitean ahoa eta sudurra ukondoarekin edo paperezko mukizapi batekin estaltzea.
- Eztulka edo doministikuka ari direnengandik eta sukarra dutenengandik metro bateko tartea mantentzea.
- Begiak, sudurra edo ahoa ez ukitzea.
- Eskuekin ukitzen diren gainazalen garbiketa areagotzea.
Eskuak garbitzeko baliabideak
Arg.: Usurbilgo Udala
Udal-eraikinetan sartu bezain pronto eskuak garbitzeko baliabideak jartzea eta garbiketa areagotzea aurreikusi ditu Udalak. Udalaz gaindiko erakundeek ezarritako irizpide berberak jarraituko ditu. Kasuren bat agertuko balitz, kasuaren araberako neurriak hartu beharko lirateke, baina oraindik ez da halakorik gertatu. Dena den, hala izaten jarrai dezan, jarritako baliabideak erabiltzera eta erantzukizunez jokatzera deitu ditu herritarrak.
Aste honetan bilera bana egingo du udalak erretiratuekin eta herriko eragileekin, irizpide horiek bete daitezen neurriak nola hartu adostu eta zalantzak uxatzeko.
Sintomaren bat antzematean…
Osakidetzaren webgunean eskura daiteke informazio guztia. Arrisku eremuren batera bidaiatu eta sintomaren bat antzematen dutenei etxean gelditu eta telefonoz kontsulta egiteko eskatu diete, 900 20 30 50 telefonora deituta. Eusko Jaurlaritzak ere birusaren inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko webgunea jarri du martxan.
Protokoloa
EAEk jarduketa-protokoloa martxan jarri du. Protokolo horrek ospitaleetako larrialdietako eta Etengabeko Arreta Puntuetako (EAP) profesionalak, Osakidetzako larrialdien sarea eta kasu hauetarako ESI bakoitzean arduradun zuzenak dituzten ospitaleetako zerbitzuak hartzen ditu bere baitan. Hori guztia zainketa epidemiologikoaren sareak gainbegiratzen du, Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordeak lagunduta.