Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak odola emateko 2020ko bigarren hitzordua martxoaren 2an (astelehena) egingo du. Odol ematea bi hilean beguan izaten da eta ohi bezala, 18:00-20:30 artean egingo da, Usurbilgo anbulategian.
Odol emateek behera, emaile kopurua mantendu
Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak emandako datuen arabera, odol emate kopuruak behera egin zuen 2019an. 2018 eta 2019ko odol-emaile kopurua bere horretan mantendu zen 143 emailerekin. Bildu den odol kopurua berriz, txikiagoa izan zen, 251 emanaldi zenbatu ziren 2018an eta 227 emanaldi 2019an; 24 emanaldi gutxiago.
Usurilgo Odol Emaileen Elkartea: “Batzuek behin baino ez dute eman odola, beste batzuek bitan eta beste hainbatek hirutan. 2019ko inauterietan nabarmen egin zuen behera odol emateak. Data horiek ez dira onenak izaten odol-emaileentzat, ez eta udaren osteko lehen odol emate hori ere. Odola eman ahal izateko baldintza batzuk bete behar izaten dira, eta oporraldian atzerrian izandakoak arriskuan egon izana oso posible izaten da. Adinari dagokionez, 18 eta 70 urte bitarteko jendeak eman dezake odola, osasun egoera egokian badaude. Urte askotan odola eman dutenei jada ez diete gehiago odola ematen uzten adina dela eta”.
Gomendioak
Odol ematearen egunean eta hurrengoan kirolik ez egitea aholkatzen dute gorputza gehiegi ez behartzeko. Gainontzean bizimodu normala egiteko ez du inolako arazorik sortzen. Hori bai, odola eman aurretik ongi gosalduta joan behar da zorabioak ekiditeko. Sei emaile berri izan dira 2019an, adinez gazteak.
Kezka
Kezka agertu dute Odol Emaileen Elkartean jende gaztea odola ematera animatzeko, bai eta antolatzeko lanetan aritzeko.
Ohiko odol emanaldia
Odola emateko bete behar diren baldintza mediko eta legezkoak bete ondoren, odola ematea oso gauza erraza da, ez du minik ematen, eta 10 minutu eskas behar dira hori egiteko.
- Emanaldi bakoitzean 450 cc odol ateratzen da gutxi gorabehera.
- Pertsona batek urtean gehienez zenbat aldiz eman dezake odola?
– Gizonek 4 aldiz
– Emakumeek 3 aldiz - Odola ateratzeko tresna guztiak behin bakarrik erabiltzen dira, horregatik inork ezin du inolako gaixotasunik harrapatu odola emategatik.
- Besoa tolestatzeko aldean dauden zainetako batetik ateratzen da odola.
- Odola eman ondoren emaileari mokadutxo bat eskaintzen zaio.
- Odola emateko zentrotik ateratzen denerako organismoa ondo dago.
Gutxieneko baldintzak
18 eta 70 urte artean izatea, 50 kilo baino gehiago pisatzea, osasunaz ondo egotea eta eta gure odolaren bitartez kutsatu daitekeen gaixotasunaren bat hartzeko bidea izan litekeen arrisku praktikarik egin ez izana.
Nahi izanez gero, informazio gehiago jaitsi dezakezu PDF hauen bidez:
- Elkarrizketa birtualaren galdetegi osoa, odola eman daitekeen ala ez jakiteko informazio osoarekin.
- Odol emaileak eta hemoderibatuak onartzeko oinarrizko irizpideekin gida.
- Egindako bidaien araberako koarentenak.
Informazio gehiago
- www.gotatanta.eus
- 943 317 091