Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak jakinarazi du ostiralean (otsailak 28) ez dela elkarretaratzerik egingo herrian, Lasarte-Orian 20:00tan egingo den manifestaziora joateko deia egin du. Etxerat Elkarteak dispertsio-politika salatzeko eta horren erruz hildako senideak bisualizatzeko kanpaina bat burutzen ari da eta oraingoan Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi lasartearren kasua nabarmendu nahi du. 2003ko otsailaren 28an, justu orain 17 urte, orduan preso zeukaten seme eta anaia Almeriara bisitatzera zihozela izandako kotxe-istripuan galdu zuten bizia. Istripu berean Joxe Balerdi aita larriki zauritua suertatu zen.
Usurbilen Nahi Ditugu bilgunea: “Tamalez, dispertsioak bizirik jarraitzen du oraindik ere. Eta hori gutxi balitz, azken 32 urtetan politika krudel horrek eragin dituen 16 hildakoek eta dozenaka zaurituek ez dute inolako aitortza instituzionalik lortu. Nonbait bigarren mailako biktimak dira. Argi eta Iñaki gure bihotzetan ditugula gogoratu eta Madrilgo gobernuak urrunketa eta sakabanaketaren desmasia lehenbailehen bertan behera utz dezala exijituko dugu otsailaren 28ko manifestazioan, 20.00tan, esan bezala, Lasarte-Orian”.
Otsailaren 29an Teresategi-ko oroigarriraino
Otsailaren 29an (larunbata) ibilaldi bat egingo da Teresategi-ko oroigarriraino. Ibilaldia goizeko 10:30etan abiatuko da Lasarte-Oriako Okendo plazatik eta 10:45ean Zabaletako Antonio Blas plazatik. Ibilalditik itzuli ostean, mokadutxoa iragarri dute 12:30ak aldera Xirimiri elkartean.