Otsailaren 26an (asteazkena) Usurbilgo Udalak Akerra Gaztetxeko eraikinaren proiektua aurkeztuko du Txokoalden, udazkenean zehar auzotarrek Udalarekin batera landutako egitasmoa. Bilera Akerra Gaztetxean egingo da, 19:30ean.
Usurbilgo Udalak Txokoaldeko biztanleentzat bizitza hobetzeko espazio gisa proposatu du Akerra Gaztetxea dagoen eraikina. Gunearen kudeaketa, funtzionamendua eta gehiago definitzen aritu dira auzotarrak eta Udala, txokoaldetarren beharrak jasotzearekin batera. Udalak parte hartze prozesu horretatik jaiotako proiektua aurkeztuko die txokoaldetarrei, berriz ere haien ekarpenak biltzeko. Prozesu hau Hiritik At kooperatiba dinamizatzen ari da. Guztira hiru lan saio egitea aurreikusi dute, eta, amaitzean, arkitektura proiektu bat definituta izatea da asmoa.
Gaztetxea berregokitzeko proposamena
Auzoko bizitza hobetu nahi da eta horretarako Txokoaldek dituen beharrak azaleratu nahi dira, eta horiei erantzun, beti ere auzotarrak ardatz hartuta.
Usurbilgo alkateak, Agurtzane Solaberrieta: “Proiektu xume baina duina egin daiteke. Jada 200.000 euroko diru partida bat gorde du udal gobernu taldeak 2020ko aurrekontuetan, Txokoaldeko proiektu hau gauzatzeko”.