Usurbilgo Udalak otsailaren 26an (asteazkena) Kalezarko auzotarrekin bilera irekia egingo du Kalezarko Haur Eskolan, 19:00etan. Bilera honetan Udala birgaitzen hasia den Pelaioenea eraikinean kokatu asmo duten kalezartarren beharrei erantzuteko udal ekipamendu berriaren egitasmoa definitu nahi da kalezartarrekin.
Bi egitasmoren bilgune izango da:
- Emakumearen Etxearena.
- Kalezartarrentzako udal-ekipamenduarena.
Usurbilgo Udala: “Bi proiektu desberdin izan arren, biak elkarrekin haztea ahalbidetuko du Pelaioeneak, eta batak zein besteak auzoko bizitzan modu positiboan eragingo dutela espero du udal-gobernuak. Gutun bat helarazi diegu auzotarrei bilerara gonbidatzeko. Garrantzitsua da auzotarren ekarpenak jasotzea, udal-ekipamendu horrek ahalik eta egokien erantzuteko auzotarren beharrei”.
Pelaioenea
Usurbilgo Udalak Kalezar erdiguneko eraikina erosi zuen duela 8 urte. Egoera txarrean egonda, eta kalezartarren eskaera aintzakotzat hartuta, eraikina birgaitzea erabaki zen eta dagoeneko lanak hasi dira: “Guztira 100.000 euro bideratuko dira. Era berean, udal-gobernuak beharrezko ikusten du kalezartarrekin batera eraikin hori zertarako erabili erabakitzea. Hots, proiektu sozial bat garatzea”.