Arg.: Noaua!
Atzo goizean (urtarrilak 22) Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak Antton Lopez Ruiz ‘Kubati’, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna atxilotu zituen euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi antolatzea eta koordinatzea leporatuz. Arratsaldean laurak aske geratu ziren deklaratu ostean. Lau lagunei elkartasuna adierazi eta goizeko atxiloketak salatzeko urgentziazko elkarretaratzea egin zen Mikel Laboa plazan Usurbilgo Sortuk deituta, “Bakea eta demokraria. Erasorik ez!” lemapean.
Arg.: Noaua!
Usurbilgo Sortu
“Gaurko atxiloketak ez dira kasualitatez gertatu. Atxiloketa hauek Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak sustatu duten egoera berriarekin erlazionatuta daude. Inoizko adostasun zabalena dago euskal gizartean espetxe-politika aldatzearen alde, PSOEk onartu du Katalunian gatazka politikoa dagoela (eta inplizituki Euskal Herrian ere). Ezker abertzaleak eta orohar independentismoak irekitzen lagun dezakeen edozein aukera-leiho zapuzteko saiakera bat da. Izan ere, independentismoak aukera-leiho bat zabal dadin lan egin du. Euskal Herriko eta Kataluniako gatazketan aurrera egitea ahalbidetu lezakeen agertoki berri baten alde jardun du. Ongi etorriena aitzakia baino ez da. Katalunian pankartak eta xingola horiak aitzakiatzat erabili zituzten moduan, Generalitateko presidentea kargutik kentzeko. Modu bertsuan jokatu zuen Auzitegi Gorenak inbestidura saioa zapuzteko eta oro har edozein aukera leiho irekitzeko, Junqueras ezgaitzea erabaki zuenean.
Estatu Sakona dugu. Edozer egiteko prest dagoena. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa edozer egiteko prest dago gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman ez dadin. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa gerran daude gatazka konpontzeko edozein soluzio-hipotesiren aurka. Lehenago, Ezker Abertzalearen estrategia aldaketarekin, ETAren armagabetze eta amaierarekin egin bezala, egoera politiko berria saboteatu nahi dute.
Egoera honen aurrean, gatazkarentzat eta haren ondorioentzat soluzio politiko eta demokratikoak susta ditzaten dei egiten diegu eragile politikoei eta jendarteari. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatiko horri zera adierazi nahi diogu: errepresio bidez, Guardia Zibilekin eta Auzitegi Nazionalarekin, ez dute agertoki berri bat irekitzeko aukera lortzearren Ezker Abertzaleak egindako jarduna aldatuko”.