Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak gaur (urtarrilak 23), arratsaldeko 19:00etan “Errausketarik ez! Sua ez piztu” lemapean elkarretarazea egingo du Donostiako PSE-ren egoitza aurreko Bilbo plazan. Azken aste hauetan, 2018ko irailean errausketaren zero gunera antolaturiko martxaren harira epaitu dituzten Zubieta, Lasarte-Oria eta Donostiako lau lagunei auzitegi atarian mobilizazio ezberdinen bidez babesa adierazi ostean, protestarako deia egin dute orain. Herritarrei bertara gerturatzeko deia egin diete: “Etxean triste eta besoak gurutzatuta nahi gaituzte, baina protesta ekimenek ez dute etenik. Sua ez piztu! Animatu eta gonbidatu ingurukoak!”.
Protestatzea ez da delitua, erraustegia bai
Arg.: Noaua!
2018ko irailean erraustegiaren aurkako martxa antolatu izana edota desordena publikoak egotzita epaitu dituzte abenduan eta urtarrilean, 2018ko iraila amaieran 2.000 lagunek Zubietako errausketaren zero gunera egin zuten martxako lau manifestari (bi zubietar, lasartear bat eta donostiar bat). Haiei babesa adierazi eta protestatzea delitua ez dela salatzeko mobilizazioak egin zituen epaiketa egunetan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua
“Erraustegiaren aurkako martxan parte hartu izanagatik isunak jasotzeko arriskua dute epaituak izan diren manifestariek. Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik baloratzen genuen salto berri bat zela hau erraustegiaren aurkako borrokan. Orain piztear dauden honetan, jendea beldurtu nahi dute, jada behingoz protestatzeari uzteko. Argi adierazi dugu, mugimendutik baloratzen dugula elkar lagundu behar garela eta ez dela inor bakarrik utzi behar”.
Deialdi berriak egingo dira
Urte amaieran Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren asanbladan iragarri zutenez, martxoaren 3an (asteartea) jarri nahi dute martxan Zubietako erraustegia eta eremu horretako gainerako azpiegiturak. Egun horri begira, hurrengo asteetan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deialdiak egingo direla adierazi du eta beraz, adi egoteko eskatu dute.