Gaur (urtarrilak 22) goizean Guardia Zibilak Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atxilotu ditu. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio aretoak agindu du operazioa, auzitegiko fiskaltzarekin elkarlanean. Euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi antolatzea eta koordinatzea leporatzen diete. Laurak aske geratuko dira deklaratu ostean.
Zarautzen (Gipuzkoa) duen etxebizitzan atxilotu dute Lopez Ruiz, eta Garmendia, berriz, Gernikan (Bizkaia), lanera zihoala. Biak Kalera Kalera dinamikako kideak dira. San Vicente Sortuko arduradun politikoa da Araban, eta Agurainen (Araba) atxilotu dute, Gasteizera bidean zela. Haimar Altuna Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoa Lizartzan (Gipuzkoa) atxilotu dute, Guardia Zibilaren kontrol batean.
urgentziazko elkarretaratzea Usurbilen
Atxiloketak gaitzesteko elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herriko hainbat herri eta hirietan. Usurbilen Sortuk deituta, “Atxiloatuak askatu! Bakea eta askatasuna irabaztera” lemapean urgentziazko elkarretaratzea egingo arratsaldeko 20:00etan.
harrera ekitaldiak antolatzeagatik
Espainiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi du terrorismoaren goratze eta biktimen umiliazio delituak egozten dizkietela, hiru urtean euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Ministerioaren arabera, lau atxilotuak harrera ekitaldien benetako burua osatzen dute, eta, ustez, hainbat erakunde erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Harrerak hirugarren pertsona batzuek egiten zituztela adierazi du, baina atxilotutako taldearen ildoari»jarraituz. Bere oharraren amaieran, Barne Ministerioak aurreratu du datozen orduetan, Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ondoren, aske geratuko direla lau atxilotuak, epaileen irizpideen arabera.
Sorturen adierazpena
Sortu: “Sortuko lau kide atxilotu ditu Guardia Zibilak. Estatu Sakonaren aurrean gaude. Edozer egiteko prest dagoena. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa edozer egiteko prest dago gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman ez dadin. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa gerran daude gatazka konpontzeko edozein soluzio-hipotesiren aurka”.