Arg.: Usurbilgo Udala
Aginagako Arrate taberna abenduaren 20an itxi egin zen, orain arteko kudeatzaileen kontratua amaitu egiten baitzen. Honen ondorioz, Usurbilgo Udalak esleipen prozesua jarri zuen martxan eta Iñigo Egilegorrek aurkeztutako proposamenak irabazi zuen lehiaketa.
esleipen prozesu berria
Iazko udan kudeatzailerik gabe gelditu zen taberna, eta lizitazio prozesua jarri zen martxan, baina hutsik gelditu zen, inork ez zuelako proposamenik aurkeztu. Hilabete ingurura, proposamen bat iritsi zen udalera, eta kontratu txiki bat egin zitzaion, hori baitzen legeak ematen zuen aukera bakarra. Kontratu hori bukatzear zela abiatu zen esleipen prozesu berria udazkenean.
Gabonen ostean martxan
Gabonen ostean jarriko da martxan Arrate taberna. Udalaren esanetan, etenaldiak ez dio eragingo eskola txikiko ikasleei ematen zaien jangela zerbitzuari, hori bermatzeko hitza eman baitu Egilegorrek. Aurreikuspenen arabera, taberna ere data horren inguruan irekitzea da asmoa.