Ostiralean Usurbilgo Udalak deituta manifestazioa Usurbilen: ‘SOS Usurbil, erraustegia gelditu’

A13 manifestazioa

Zubietako erraustegia probaldi fasean martxan jarri dute eta dagoeneko nabarmena da bertatik ateratzen diren ke luzeak eta zaratak. Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu duen egun berean jarri zuten probaldi fasean Zubietako errauste-plana.  Azaroaren 28ko osoko bilkurak emandako mandatuari jarraiki Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako (ostirala) manifestazioa deitu du, SOS Usurbil, erraustegia gelditu lelopean. 19:00etan abiatuko da, Joxe Martin Sagardia enparantzarik (udaletxe ataritik).

MOZIOA

“Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu duen egun berean jarri dute probaldi fasean Zubietako errauste-plana. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Tamalez, gaurkoa egun beltza eta tristea da, usurbildarrontzat. Zubieta gainetik egun osoan zehar ikusi dugun ke etengabea da horren adierazgarri.Diogun bezala, gaurko egunez, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratzeko ebazpena onartu du, eta ekintza zehatzak egiteko eskatu die Europako Batzordeari, estatuei eta instituzioei. Gipuzkoako instituzioak, haatik, bistan da kontrako norabidean ari direla. Gaurko irudiak dena esaten du. Eta, tamalez, biharkoak, etzikoak, etzi damukoak… hala erakutsiko du, honi konponbiderik eman ezean.

Eta, konponbidea egon, badago, usurbildarrok erakutsi dugun bezala. Usurbildarrok erakutsi dugu osasuna eta ingurumena aintzat hartuz, posible dela hondakinak kudeatzea. Gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat egin genuen duela 10 urte usurbildarrok, eta, gaur egun herrian sortzen den hondakinen ia %90 gaika biltzen dugu. Apenas sortzen dugu errefusik. Eta, zorionez, asko dira bide hori hartu duten Gipuzkoako herriak. Usurbil eredu da, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Eredugarritzat dute Usurbil 0.0 hiri hondakinak kudeatzeko udal honen plangintza. Kanpoan eredu dena, hemen zergatik ez?

Gainera, adituek diote gaur egun Gipuzkoan birziklatzen denarekin, eta, are, Diputazioak berak PIGRUG berrituan ezarri dituen birziklatze-helburuak aintzat hartuz, Gipuzkoak ez duela errauste-plantarik behar.Munduan erreferentziazkoak diren hainbat erakundek,  errauste-plantek jendearen osasunean eragiten dituzten kalteez ohartarazten gaituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak ohartarazpen hauei jaramonik egin ez, eta Usurbilgo herritarrei batere azalpenik eman gabe proiektuarekin aurrera jarraitzeko erakutsi duen jokabidea larria iruditzen zaigu.Osasuna gauza serioa da. Eta zentzu horretan, errauste-planta, gure baliorik preziatuenaren aurkako mehatxutzat bizi dugu usurbildar askok.Kezkatuta gaude, bai. Horregatik, EHBilduk, honako hau eskatu nahi dio Usurbilgo udalbatzari, urgentziazko mozio honen bidez:

  1. Erraustegiak usurbildarroi eragin digun kezkaz eta erraustegiak herritarren osasunean eragin dezakeenaz hitz egiteko, Gipuzkoako ahaldun nagusiari biltzeko eskaera luzatzea.
  2. Alkateari eskatzea Gipuzkoako alkate guztiei eskutitza bidal diezaiela, non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien.
  3. Usurbilgo udaletxeko balkoian xingola beltz erraldoi bat zintzilikatzea, protesta modura. Halaber, usurbildar guztiei gauza bera egiteko deia luzatzen diegu.
  4. Usurbilgo Udalak dei egiten die usurbildar guztiei abenduaren 13rako antolatuko duen manifestazioan parte hartzera. 19:00etan, Joxe Martin Sagardiaren plazan”.

Prentsaurrekoa

Udala prentsaurrekoaArg.: Noaua!

Abenduaren 10ean Usurbilgo Udalak prentsaurrekoa eskaini zuen ostiralerako, Zubietako erraustegiaren aurka deitua duen manifestazioa aurkezteko. Prentsaurrekoa udaletxeko pleno aretoan egin zen, hain zuzen ere, azaroaren 28ko osoko bilkurak emandako mandatuari jarraiki deitu duelako manifestaziora. EHBildu ordezkatzen duten Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta sei zinegotzik parte hartu zuten prentsaurrekoan.

“Usurbilgo Udaleko udal gobernu taldeko kideak gara eta azken osoko bilkuran udalbatzak azaldutako kezka, larritasuna eta erabakien berri emateko asmoz deitu zaituztegu agerraldi honetara. Dakizuen bezala, azaroaren 28an jarri zuten probaldi fasean Zubietako errauste planta. Zer diren kasualitateak, noiz eta Europako Parlamentuak larrialdi emergentzia klimatikoa deklaratu zuen egun berean, zer eta Gipuzkoan CO2 gehien isuriko dituen jarduerari eman zioten hasiera. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez.

Oso kezkatuta gaude, egunero errauste plantaren tximinietatik ateratzen diren ke zutabe erraldoiak ikusten ari baikara. Ez da kutsadura gaietan aditua izan behar jakiteko ketzar horrek ez digula ezer onik ekarriko. Gure paisaiaren parte bihurtu dira baina ez gaude bere horretan onartzeko prest. Irudi batek mila hitzek baino indar handiagoa dutela esan ohi da, eta uste dugu eguneroko irudi horrek ondo baino hobeto islatzen duela, gure seme-alabei, gure ondorengo belaunaldiei utziko diegun etorkizuna zein den. Etorkizun beltza, kaltegarria, kutsatua. Gure porrotaren irudia da. Ordezkari instituzional eta politiko belaunaldi honen porrota. Errauste plantaren proiektuak izan dituen gorabeheretan ez gara sartuko, baina uste dugu arazo etiko, demokratiko, ekologiko eta ekonomiko latz baten aurrean gaudela. Inork ez du aldamenean nahi eta hala ere derrigorrean egin beharrekotzat saldu zaigu. Dilema etiko horrek dimentsio latza hartzen du errauste plantak eragiten dituen osasun eta ingurumen kalteak aintzat hartuz gero.

Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, errauste plantaren osasun kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Berriki Zubieta Lantzen elkarteak errauste plantan martxan jarri aurreko azterketa zientifiko bat egin du. Kutsagaiak neurtzen hasteko bi ikerketa lerro zabaldu dituzte; errauste plantaren zero gunetik hurbil dauden herrietan. Oilategietan laginak hartu dituzte, dioxinak neurtzeko, eta Usurbil, Lasarte-Oria zein Andoaigo ama taldeek bularreko esnea eman dute aztertua izan dadin. Azterketa horiek martxan jarri aurretik eta martxan jarri ondorengo urteetan errepikatu nahi dituzte. Ikusteke beraz zer dioten. Izango da hala ere, ikerketa horiei sinesgarritasuna kentzen dienik. Gainera, ez dugu zertan iritzi bera eduki, baina osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski beharko luke arduraren eta prebentzioaren printzipioak aplikatzeko, beste ezeren aurretik. Osasunak eta ingurumenak kezkatzen gaitu gehienbat, gaurko eta biharko herritarrek jasan dezaketen eragina eta ondorengo belaunaldiei utziko diegun mundua. Ardura instituzionala dugun guztiok partekatutako kezka izango dela suposatzen dugu. Edonola ere, proiektu honi buruz hizketan ari garela, hauek ez dira gure kezka bakarrak, beste bi alderdiek ere arduratzen gaituzte. Batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handiak eta horrek udaloi eragingo diguna. Bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herrietan abiatutako hondakinen tratamendurako bide jasangarriari muzin egitea. Alderdi humano, sozial, ekologiko eta ekonomikotik begiratuta, atzerapauso izugarria da beraz, errauste planta martxan jartzea; hondamendia.

Kontrakoa sinestarazi nahi gaituzten arren, Usurbilek eta Gipuzkoako beste herri batzuk erakutsi dute badagoela alternatiba. Usurbildarrok erakutsi dugu posible dela hondakinak kudeatzea, osasuna eta ingurumena aintzat hartuz. Gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat egin genuen duela 10 urte eta gaur egun herrian sortzen den hondakinen ia %90a gaika biltzen dugu. Apenas sortzen dugu errefusarik. Hortaz, gure herritik errauste plantara apenas joango da ezer. Haatik, inposatu diguten zerbitzu horrengatik ordaindu beharko duguna izugarri garestia izango da. Izan ere, GHK-ren tarifikazio sistemak errefusa zamatu ordez saritu egiten du. Birziklatzea beraz, garesti ateratzen zaigu herritarroi. Kezkatuta gaude, oso kezkatuta, eta horregatik egiten dugu laguntza eskaera, SOS deia. Batetik, Gipuzkoako alkate guztiei gutuna igorri diegu. Karguaren ardurak sortzen duen konplizitateak elkar ulertzea erraztuko duelakoan gaude. Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, Zubietako errauste plantaren gaia euren herrietako udalbatzarretara eramatea eskatu diegu, itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida bidera dezaten, parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan. Erantzukizunez. Hainbat alkateek erantzun dute eta esker oneko hitzak baino ez ditugu eurentzat. Bestetik, bilera eskatu diogu Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari, gure kezka eta ezinegonaren berri eman nahi baitiogu aurrez aurre. Hain zuzen, kezka eta ezinegon horretatik abiatuta, ostiral honetarako manifestazioa deitu du Usurbilgo Udalak.

Dei egin nahi dugu manifestazioan parte hartzera, 19:00etan abiatuko da udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik. Alboan behar zaituztegulako, SOS Usurbil, erraustegia gelditu. Usurbilen asko entzuten den esaldi batekin amaituko dugu agerraldia. Burua duenak ez du ondoan nahi eta bihotza duenak ez du inon nahi”.

Udala prentsaurrekoa1Arg.: Noaua!

Xingola beltza, alkateei gutuna eta Markel Olanorekin bilera

Azaroaren 28ko osoko bilkuran, manifestaziora deitzeko aginduaz gain, beste batzuk ere jaso zituen udal-gobernuak:

  1. Xingola beltz bat jarri dute udaletxeko balkoian, eta herritarrak gauza bera egitera gonbidatu dituzte.
  2. Gutun bana bidali die alkateak Gipuzkoako alkate guztiei: “Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, Zubietako errauste-plantaren gaia euren herrietako udalbatzarretara eramateko eskatu die: itxikeria politikorik gabe, eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida bidera dezaten parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan. Erantzukizunez. Usurbilek eta Gipuzkoako beste herri batzuek erakutsi dute, zorionez, badagoela alternatibarik. Erakutsi dugu posible dela hondakinak kudeatzea osasuna eta ingurumena aintzat hartuz. Usurbildarrok, gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat eginda, hondakinen ia %90 gaika biltzen dugu: apenas sortzen dugun errefusik, eta beraz, apenas joango den ezer gure herritik errauste-plantara”.
  3. Errauste-plantak sortutako kezka eta ezinegonaren berri eman nahi diote Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari, eta bilera bat eskatu dio alkateak.

Informazio gehiago

Utzi erantzun bat

Please log in using one of these methods to post your comment:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.