Arg.: Noaua!
Txokoalden parte hartze prozesu bat abiatu da. Irailaren 25ean abiapuntu moduan bilera bat egin zuten auzoko bizilagunak eta udal ordezkariek. Han hitz egindakoarekin jarraitzeko, parte hartze prozesuaren lehen saioa urriaren 23an egin zen eta bigarrengoa azaroaren 6an (asteazkena) egingo da, arratsaldeko 19:30ean Akerra Gaztetxean. Prozesu hau Hiritik At kooperatiba dinamizatzen ari da. Guztira hiru lan saio egitea aurreikusi dute, eta, amaitzean, arkitektura proiektu bat definituta izatea da asmoa.
Gaztetxea berregokitzeko proposamena
Usurbilgo Udalak Txokoaldeko biztanleentzat bizitza hobetzeko espazio gisa proposatu Akerra Gaztetxea dagoen eraikina. Gune honen espazioaren antolamenduaz jardungo dute asteazkeneko parte hartze saioan. Auzoko bizitza hobetu nahi da eta horretarako Txokoaldek dituen beharrak azaleratu nahi dira, eta horiei erantzun, beti ere auzotarrak ardatz hartuta.
Hiru saioko parte hartze prozesua amaitzean, saio hauetan jasotako auzotarren ekarpenak proiektu batean bilduko ditu Usurbilgo Udalak. Proiektu hau landu ostean, berriro auzotarrei itzuliko zaie, hobekuntza proposamenak egin ditzaten.
Usurbilgo alkateak, Agurtzane Solaberrieta: “Proiektu xume baina duina egin daiteke. Jada 200.000 euroko diru partida bat gorde du udal gobernu taldeak 2020ko aurrekontuetan, Txokoaldeko proiektu hau gauzatzeko”.