Aitzaga Elkarteak Usurbilgo Udalaren laguntzarekin azaroaren 1ean (ostirala) XXIV. Artisau Azoka antolatu du. Goizeko 11:00etan hasiko da eta urtero bezala, herriko frontoian postu ugari izango dira: bitxigintza, larrugintza, egur lanketa, beira, keramika, otargintza, metalgintza, harriak, ukenduak, makramea, pilotak, haziak… Azoka honetan ere herritarren postuak egongo dira: Herriko talogileak, Orbe Dantza Taldea (egutegia eta materiala), Zorione Mendez (marrazkiak), Udarregi Ikastolaren DBH4-ko ikasleak (gozogintza)…
Arratsaldean giza-proba
Arg.: Xingola
Arratsaldeko 17:00etan, Usurbil Herri Kirol Taldeak antolatuta, giza-proba egingo da dema plazan. Bertan dagoen 1.800 kiloko “Ur-epel” harriarekin lehiatuko dira Bizkaiko hiru talde: Txorierri, Lasuen eta Leioa. 1991n Bizkaiko eta Gipuzkoako 7 talde (usurbildarrez osaturikoa tartean) egindako saiakeraren marka hausten saiatuko dira. Orduko hartan, gernikarrak nagusitu ziren; 4 plaza, 2 zinta eta 65 zentimetrorekin. Ostiralean lehiatuko diren hiru taldeotako bakoitzak marka hori ontzeko 30 minutu izango ditu duela 18 urte bezala. Talde bakoitza hiru kideez osatuko da. Ekitaldia hau Usurbilgo Udalak, Urbil Merkatal zentroak, Saizar sagardotegiak eta Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak babesten du.
Sukaldaritza txapelketa
Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate adineko elkarteek herri mailako sukaldaritza txapelketa antolatu dute. Giza proba ospatu artean, legatza saltsan prestatzen ariko dira. Lehiakideak herriko gastronomia elkarteetako adinekoak izango dira, epaimahaiko kideak baita. Giza proba amaitzen denean, txapelketako kideek prestaturiko pintxoak dastatzeko aukera izango dugu, Lumagorridun Txokoaldeko Lartzandietako oilasko erredun zizka-mizkekin eta edariarekin batera. Orduan ospatuko da baita sari banaketa. Txapelduna, 2020. urtean Gipuzkoa mailan ospatuko den lehiarako sailkatuko da.
Oharra
- Giza proba ikusteko txartelak egunean bertan eskuratu ahalko dira Sutegiko mahaian, 5 eurotan.
- Pintxoen dastaketarako txartelak aldiz, giza proba ospatzen ari den artean salduko dira.
Azaroak 1eko egitaraua
- 11:00 Artisautza Azoka frontoian.
- 17:00 Giza proba Dema plazan, Usurbilgo 1.800 kiloko “Ur-Epel” harriarekin. Parte hartzaileak: Txorierri, Lasuen eta Leioa talde bizkaitarrak.
- Bitartean, Usurbilgo sukaldari lehiaketako pintxoen prestaketa eta dastaketarako txartelen salmenta giza proban. Giza probaren ostean, sukaldaritza lehiaketako pintxo eta edari dastaketa, eta Lartzandietako Lumagorridun oilasko erreen pintxoak.