Asteburu honetan neguko ordutegian sartuko gara, eta ordua aldatu beharko da. Beraz, igande (urriak 27) goizaldeko 03:00etan ordubetez atzeratu beharko da ordularia eta 02:00ak izango dira. Igandetik aurrera egunak lehenago argitu eta lehenago ilunduko dira.
Urtean bitan aldatzen dira erlojuak: martxo amaieran, eta urri amaieran. Eztabaida dezente egon da azken urteetan, ordu aldaketen aldekoen eta kontrakoen artean. Europako Komisioak proposatu zuen aurten aldatzea orduak azkenekoz, baina atzeratu egingo da erabakia, eta datorren urtean ere ordulariak aurreratu eta atzeratu egin beharko dituzte herritarrek. Bitartean, estatuek Europarekin negoziatu beharko dute, eta erabaki, neguko ordutegia ala udakoa, zein aukeratuko duten behin betiko ezarrita gelditu dadin.