Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak urriaren 25ean (ostirala), hileko azken ostiralarekin bat, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo du, Mikel Laboa plazan, 20:00etan. Gogoan izan hiru herritar, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta euren alaba, Xua, Valentziako Picassent espetxean daudela, Usurbildik 600 kilometrotara. Elkarretaratzearen ondoren, Patxi Urangaren urtebetetzea egun berean denez, taldeko argazkia aterako da zoriontzeko.
‘Xua gurasoekin etxera!’ herri ekimena
Xua Valentziako Picassent espetxean jaio zen eta datorren urtarrilean beteko ditu hiru urte. Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga euskal preso politikoen alaba da. Gurasoek aurtengo ekainean bete dituzte 10 urte kartzelan. 12 urteko zigorraren ¾ ak ondo beteta dituzte beraz. Espainiako legediaren arabera baldintzapeko askatasunean beharko lukete. Hiruren etxeratzea eskatzen du ‘Xua gurasoekin etxera’ herri ekimenak. Etxean behar dutelako legez. 2017ko urtarrilean jaio zen Xua Picassenteko espetxean. Han daude hirurak gaur egun. Baina laster banatuko da familia Xua Euskal Herrira etorriko baita urtarrilean. Eta gurasoek preso jarraituko dute, banaketa benetan gogorra izango da. Hiru urteko umetxo bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko zaio.
Sinadura bilketa
‘Xua gurasoekin etxera’ herri ekimenak sinadura bilketa martxan jarria dauka. Helburua 2.500 sinadura lortzea da: “Nahi duen orok izango du aukera, paperean zein digitalean, ‘Xua gurasoekin etxera!’ ekimenaren alde sinatzeko”: change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera
kantu-biodeklipa
Herri ekimenak ‘Xua gurasoekin etxera!’ kantu-biodeklipa kaleratu du. Kantua uda honetan prestatua eta grabatua izan da, Orioko Amasoian baserrian, Orio, Usurbil eta Zarautzeko musikari eta artisten laguntzarekin. Koreografia ere badu kantuak, herriko dantzariek prestatutakoa.