Herritar talde batek antolatuta, etorkizunera begira kezka iturri diren energia hizpide izango duten jardunaldiak egiten ari dira Usurbilen. Bigarren hitzaldia gaur (urriak 18) eskainiko da, Potxoenean, arratsaldeko 19:00etan: “Toki-esperientziak energian: Zubieta eta Ispaster proiektuak. Energia Berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak”.
Herritar talde honek, elkartu eta petrolioa, energiari lotutako toki-esperientziak eta Usurbilgo autohornikuntza azterketa hizpide izango duten hiru saio antolatu dituzte Potxoenean (lehena pasa den urriaren 4an egin zen: “Energia: petrolioaren gailurra eta bere ondorioak”).
Antolatzaileak: “Eremu honetan bizi dugun egoeraren aurrean planteatzen ari ginen zer egin dezakegun jendearengana iristeko, beste bide bat behintzat badela adierazteko eta bide horretan zerbait egiten hasteko. Jardunaldi hauetan proposamen zehatzak ekarriko dira tartean, Ispasterrekoarekin (Bizkaia) batera, Zubietak energiaren inguruan egiten ari den lanketa ekarriko dute hitzorduotara. Jardunaldion helburua ez da soilik eztabaida piztea, Usurbilen energia eta elikadura subirautzaren arloetan, edota hondakin zein mugikortasunaren eremuetan lan egingo luketen lan taldeak sortzea baizik, beste eredu bat bultzatzeko. Denbora dezente galdu dugu. Zehaztasunez eta modu errealean eraikitzen hasi behar dugu. Pil-pilean den klima larrialdiaren harira sarritan entzuten ari garen moduan, berandutu baino lehen. Datorkigunaren aurrean gutxienez, pixka bat prestatuak harrapa gaitzala. Goazen prestatzen hastera”.
JARDUNALDIAK
Urriak 18, ostirala
- 19:00 Hitzaldia Potxoenean: “Toki-esperientziak energian: Zubieta eta Ispaster proiektuak. Energia Berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak”.
Azaroak 8, ostirala
- 18:00 Hitzaldia Potxoenean. “Usurbilgo autohornikuntza azterketa”. Hizlaria: Jesus Calvillo.