Gaur, urriak 11, mintzapraktika egitasmoaren jendaurreko aurkezpena egingo da Usurbilgo Etumeta AEK euskategian, arratsaldeko 17:30ean. Egitasmo hau Etumeta AEK euskategiak, Noaua! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak sustatzen dute eta helburua euskara ahotan hartzeko gune bat edo lagun arte bat eskaintzeko aukerak ematea da: “Euskara praktikatu nahi baduzu eta ez badakizu norekin egin, edo euskalduna izanda euskaraz bizitzeko aukera berrien bila bazabiltza, hainbat proposamen ditugu: mintzalagun taldeak, gurasolagunak, tailerrak, txangoak…”.
Bidelari eta bidelagunen bila
Antolatzaileek jakinarazi dute egitasmo honetarako bidelari eta bidelagunak behar direla: euskara ikasten aritu edo maila hobetzen ari direnen eta euskara baliatzen jakinik, mintzapraktikan aritu nahi dutenena. Horretarako gaurko hitzordura joateko gonbidatzen dituzte herriko euskaltzale guztiak.