Arg.: Usurbil Udala
Usurbilgo Udalak jakinarazi du Aginagako Arrate jubilatuen egoitzako taberna kudeatzeko esleipena martxan jarri duela. Dagoeneko kaleratu dira tabernaren eta bertan dauden elementu eta instalazioen kudeaketarako zerbitzu kontratuaren esleipena eta exekuzioa arautzen dituen pleguak. Usurbilgo Udaleko webgunean daude ikusgai, kontratatzailearen profilean. Hamabost eguneko epea dago proiektuak aurkezteko, bai udaleko erregistroan edota postaz bidalita: urriaren 23a (asteazkena) izango da eskaerak aurkezteko azken eguna.
Bete beharreko zerbitzuak
Taberna kudeatzeaz gain, honako zerbitzu hauek ere bermatu beharko lirateke:
- Taberna-jantokiaren mantenua, ustiapena eta garbiketa.
- Komunen garbiketa (erabilera publikokoak izan arren).
- Tabernatik beheko irteerara doazen eskaileren eta beheko sarreraren garbiketa.
- Esleipendunaren betebeharra zahar egoitzako gelen atezaintza-lanak egitea izango da.
- Zerbitzua herritar guztientzat zabalik egongo da, Arrate jubilatuen elkarteko bazkide izan ala ez izan.
- Zerbitzuko erabiltzaile gehienak erretiratu eta pentsiodunak direnez, esleipendunak errespetuzko tratuan oinarritutako hartu-emanak izango ditu haiekin, eta, gainera, Udalak onarturiko prezioak aplikatu beharko dizkie.
Taberna hornituta
Udalak taberna erabat horniturik utziko duela jakinarazi du: “Kontratuari atxikiko zaio, eranskin moduan, Udalak kontratistaren esku uzten dituen gauzen inbentarioa. Edonola ere, instalazioen eta ekipamenduen mantenua bermatzeko egin beharreko gastuak berak egin beharko ditu, legez jabearen ardurakoak direnak izan ezik (zehaztapenak plegu administratiboetan jasota datoz)”.
Kontratuaren iraupena eta kanona
Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, hitzarmena izenpetzen den egunetik kontatzen hasita.
- Kontratuaren indarraldia urtez urte luzatu ahal izango da, beste hiru urtez, gehienez lau urte bete arte.
- Gutxieneko kanona hileko 25 eurokoa izango da (+ %21eko BEZa, 5,25 euro: guztira 30,25 euro). Lizitatzaileek kopuru hori igo dezakete euren eskaintzetan. Edozein kasutan, ez da kanonaren berrikuspenik egingo kontratuaren iraupen osoan zehar.
Bi baldintza
Pleguetan, besteak beste, bi baldintza ezartzen dira:
- Esleipendunak hizkuntza gaitasuna bermatu beharko du: eman beharreko zerbitzuen izaera kontuan izanik, Europako Erreferentzia Markoaren B2 gaitasun maila (ahozko partea) egiaztatu beharko dute jardueran parte hartuko duten langileek.
- Elikagaien manipulatzaile titulua izan behar dute, legearen arabera horretara behartuta daudenek.
Bigarren esleipena
Udalak adierazi du denbora gutxian egoitza bererako egin den bigarren esleipena dela. 2018ko uztailean egin zen lehenengoa, eta ez zen eskaerarik aurkeztu esleipenera. Ez zen esleitu, baina zerbitzu hori eman zedin lanean jarraitu zuen udal gobernuak: gerora, zerbitzu hori emateko prest agertu zenik izan zen, eta kontratu txiki bat egin zitzaion.
Eskaerak aurkezteko tokia
- Joxe martín Sagardia Plaza, z/g. – 20170 Usurbil (Gipuzkoa)
- 943 371 951
- Faxa: 943 371 493
- kontratazioa@usurbil.eus
- usurbil.eus