Larunbatean (urriak 5) frankismo osteko Usurbilgo lehen alkatea izan zen Andres Bruño Urdanpileta (1926-2019) zendu zen Aginagan, 93 urte zituela. Agiñartutako donostiar bat alkate izan zen Usurbilen 1970eko hamarkadaren bigarren erdian. Udaletxean 1967an hasi zen, eta 16 urte eman zituen han segidan, lehengo zortziak zinegotzi eta azken zortziak alkate. Eskubideen eta askatasunaren errepresio basatia ezartzen zuen erregimen frankistaren bukaerako urteak izan ziren Andres Usurbilgo udaletxean ibili zeneko haiek. 1976an Usurbilgo alkate izendatu zuten.
Alkateen Bergarako mugimendua
Hainbat herritako alkateen artean mugimendu berri bat sortu zen Gipuzkoan: “Alkateen Bergarako mugimendua”. Hasieran Gipuzkoako 17 bat udalerritako alkateak hartu zuten parte eta gero handitzen joan zen. Haien artean Usurbilgo alkatea zegoen, Andres Bruño. Bertan adostu ziren Espainiako Erregeari bidali zioten gutuna, berrezarpen forala eta autonomia eskatzeko. Eta handik aurrera, taldeak lanean segitu zuen, eta bere egin zituen herriaren hainat aldarrikapen: udaletxeetan demokrazia ezartzea, ikurriña legeztatzea, amnistia osoa, euskararen ofizialtasuna, Lemoizko zentral nuklearraren lanak gelditzea eta eta hauteskundeak aurreratzea.
ikurriña udaletxeko balkoian
1977ko urtarrilak 19. Andres Bruño (alkatea), Roke Arriola (idazkaria) eta zinegotziak Felix Aizpurua, Joxe Antonio Altuna, Joxe Aburuza, Jesus Urkiola, Felix Olasagasti, Joxe Manuel Matxain, Julian Pikabea.
Alkateen Bergarako mugimenduko ordezkariek 1977ko urtarrilaren 18an bilera egin zuen Madrilen, eta bilera hartan ikurriñaren erabilera (ordura arte debekatua) zigorgabetzea izan zedila lortu zuten. 1977ko urtarrilaren 19an (San Sebastian bezpera), ikurriña udaletxeko balkoietan arratsaldeko zazpietan jartzea erabaki zen. Baita Usurbilen ere, udalak ohiz kanpoko osoko bilkura antolatu zuen ikurriñaren legeztapenaren inguruko mozioa aurkeztuz. Aho batez onartu zen.
demokrazia garaiko lehen alkateak
Aurten, apirilaren 5ean Gernikako Batzarretxean, EUDELek diktaduraren ondoren egin ziren lehen udal hauteskundeen 40. urteurrena ospatu zuen, bereziki 1979an erakunde modernoetara iristeko bidea urratu zutenen lana omendu zuen. EUDELek omenaldia egin zien beren udalen zerbitzura jartzeko konpromisoa hartu zuten 224 gizonezkoei eta lau emakumezkoei. Omenaldian, orduko Usurbilgo lehen alkatea, Andres Bruño, Gernikako Batzarretxean izan zen bere emazte eta senitartekoez inguratuta. Aurreko legegintzaldian egon den Usurbilgo Alkatea, Xabier Arregi ere bertan izan zen: “Ohore handia da Andresen aldamenean egotea gaur hemen. Zorionak eta esker ona, usurbildarron izenean”. (Info +)
2013an ikurriñari merezitako omenaldia
2013ko maiatzak 4. Agustin Lizaso, Andres Bruño, Mertxe Aizpurua, Martin Larrañaga eta Xabier Mikel Errekondo. (Arg.: Noaua!)
Usurbilgo Udalak 2013ko maiatzaren 4an ikurriñari merezi zuen omenaldia egin zion. 2013ra arte, legegintzaldi desberdinetan alkatetzan egondako hainbat herritarrak ere bildu ziren ekitaldian: Andres Bruño, Martin Larrañaga, Joxe Antonio Altunaren ordezko alkate Agustin Lizaso, Xabier Mikel Errekondo eta 2013an zegoen alkatea, Mertxe Aizpurua. (Info +)
Sare sozialetan…
Informazio gehiago
- noaua.eus/frankismo-osteko-usurbilgo-lehen-alkate-andres-bruno-urdanpilleta-zendu-da
- noaua.eus/ikurrina-udaletxeko-balkoira-itzuli-zuen-alkatea
- noaua.eus/agurtzane-solaberrietak-andres-bruno-gogoan-usurbilek-ez-du-inoiz-ahaztuko-gugatik-egin-zenuen-lana
- usurbileginez.com/geurea-ikurrina