Barazarreko garbitxia (Arg.: Usurbilgo Udala)
Usurbil, Donostia eta Zubietako ordezkariek urriaren 10ean (osteguna) bilera irekia deitu dute urriaren 21etik aurrera Zubietako zerbitzuak eta bereziki ura eta hondakinen bilketan izango diren aldaketen berri emateko. Bilera Zubietako Kaxkape lokalean egingo da, arratsaldeko 19:00etan.
Udala Zubietako hondakinen arduradun
Urriaren 21etik (astelehena) aurrera, Usurbilgo Udalak hartuko du Zubietako kaxkoko hondakinen ardura, Donostiako eta Usurbilgo udalek eta Zubietako Herri Batzarrak martxoan sinatutako hitzarmenaren haritik. Hondakinen kudeaketaz gain, bestelako zerbitzu batzuk ere aldatuko dira. Bi aldaketa nagusiak ur zerbitzuari eta hondakinen bilketari lotutakoak dira:
- Ur zerbitzuari dagokionez, Zubietako kaxkoa Añarbeko urarekin hornituko dute, eta Learritza pasealekuko eraikinak, Usurbilgo urarekin.
- Hondakinei dagokienez, Irigoien kaleko eta Errota bideko edukiontziak kendu, eta, horien ordez, Etarte eta Barazarren eraiki berri dituzten Garbitxikiak erabili ahal izango dira.
Garbitxirako giltza behar da
Garbitxikiak edozein ordu eta egunetan erabili ahal izango dira, giltza baten bidez. Giltza horiek eskuratzeko bi hitzordu jarria dira, biak Kaxkape lokalean. Horiez gain, Usurbilgo Udaleko atez ateko bulegoaren ohiko ordutegian ere jasotzeko aukera egongo da:
- Urriak 18, ostirala: 16:00etatik 19:00etara
- Urriak 19, larunbata: 11:00etatik 13:00etara.
Donostiarrak diren zubietarrei galdeketa
Donostiarrak diren zubietarrei hondakinak atez ate biltzerik nahi ote duten edo ez galdetuko zaie.
tasen ordainketak bakoitzaren udalerrian
Zubietarrei dagozkien tasak (ura, hondakinak eta bestelakoak) beren udalerrian ordainduko dituzte, nahiz eta zerbitzua beste udalerriak eman.
Informazio gehiago: usurbil.eus