Xua, Olatz eta Patxiren senideak (Arg.: Karkara)
Pasa den ostiralean, hilero bezala, presoen aldeko elkarretaratzeak egin ziren Euskal Herria osoan. Usurbilgoa bertan behera geratu zen deialdia Oriora bideratu zelako. Bertan izan ziren Xuaren aiton-amonak, senideak eta herri ekimen hau martxan jarri duten Orio, Usurbil eta Zarautzeko lagunak. Orioko plazan egin zen elkarretaratzea berezia izan zen, batetik ‘Xua gurasoekin etxera!’ herri ekimenaren kantua aurkeztu zelako eta bestetik, sinadura bilketa martxan jarri zelako.
Arg.: Noaua! eta Karkara
Xua gurasoekin etxera! kantua
Xua gurasoekin etxera! plataformak jakinarazi duen moduan, kantua uda honetan prestatua eta grabatua izan da, Orioko Amasoian baserrian, Orio, Usurbil eta Zarautzeko musikari eta artisten laguntzarekin. Koreografia ere badu kantuak, herriko dantzariek prestatutakoa.
Kantuaren mezua
Pardela eta kartzela
sehaska eta arraska
pijama txiki urdinak
jantzita ditu sorginak
zergatik daramatzate
panpinek esku burdinak?
Patioan kulunpioan
parkean eta katean
soka saltoan ari da
gurasoak begira
zergatik etorri behar du
bakarrik Euskal Herrira?
Espetxean gurasoak
etxera zatoz xua
zabal zabalik besoak
hartzazu gure musua.
Kantuaren koreografia
Arg.: Noaua! eta Karkara
Ostiralean Orioko lau dantzarik dantzatu zuten: Ainhoa Urkizu, Joseba Orella, Laida Iturralde eta Ekiñe Saizar.
Kantuaren sortzaileak
- Abestiaren doinua Iñaki Gurrutxaga eta Unai Odriozola Oriotarrek sortu dute
- Gitarra 1: Unai Odriozola
- Gitarra 2: Aitor Pagola
- Bateria: Imanol Arruti ‘txabola’
- Bajua: Harkaitz Iparragirre ‘Kale’
- Ahotsak: Andrea Lopetegi, Jon Itxaso eta Fer “Apoa”
- Hitzak: Xabier Sukia
- Soinu teknikaria: Murray
- Grabaketarako beharrezko materiala: Mattin Epelde.
- Haitzgaña baserriko jendea: Iboni, Aratz, Amaia, Murgi, Jon eta Balerdi).
Sinadura bilketa
Kantuarekin batera sinadura bilketari ere ekin zitzaion ostiralean: “Nahi duen orok izango du aukera, paperean zein digitalean, ‘Xua gurasoekin etxera!’ ekimenaren alde sinatzeko”: change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera
HERRI EKIMENAREN ZERGAITIA
Xua Valentziako Picassent espetxean jaio zen eta datorren urtarrilean beteko ditu hiru urte. Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga euskal preso politikoen alaba da. Gurasoek aurtengo ekainean bete dituzte 10 urte kartzelan. 12 urteko zigorraren ¾ ak ondo beteta dituzte beraz. Espainiako legediaren arabera baldintzapeko askatasunean beharko lukete.
Hiruren etxeratzea eskatzen du ‘Xua gurasoekin etxera’ herri ekimenak. Etxean behar dutelako legez. 2017ko urtarrilean jaio zen Xua Picassenteko espetxean. Han daude hirurak gaur egun. Baina laster banatuko da familia Xua Euskal Herrira etorriko baita urtarrilean. Eta gurasoek preso jarraituko dute, banaketa benetan gogorra izango da. Hiru urteko umetxo bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko zaio.